Logotipo Hedatuz

Hezitzaileen prestakuntza esperientziala: aisialdiko hezitzaileen harreman-trebetasunak lantzeko proposamen bat

Huegun Burgos, Asier (2004) Hezitzaileen prestakuntza esperientziala: aisialdiko hezitzaileen harreman-trebetasunak lantzeko proposamen bat. Other thesis, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Ikerketa lan honetan 14 hezitzaileren harreman-trebetasunen prestakuntza izan zen ikergai nagusia. Aipatu hezitzaileak aisialdiko heziketaren barruan kokatutako hizkuntz normalizazio proiektu batean aritu ziren lanean urtebetez, 14 eta 16 urte bitarteko gazteekin, hain zuzen ere. Egitasmoa Gipuzkoako sei herritan garatu zen aldi berean. Hezitzaileekin aurrera eramandako prestakuntza lanak bi fase izan zituen: lehenengoa, gazteekin euren heziketa lana egiten hasi aurretik; eta bigarrena, gazteekin hezkuntza funtzioa burutzen ari ziren bitartean.

Abiapuntutzat hartu genuen hipotesia hauxe izan zen: hezitzailearen harremantrebetasunak eta bere ezaugarri pertsonalak heziketa-ekintza burutzen ari den memento praktiko eta harremanezko horretan bertan agertzen direla modu batera edo bestera. Izan ere, heziketaren funtsa egoera jakin baten une praktikoan agertzen da, eta memento horretan hezitzailearen eta hezigaiaren arteko elkarreragina eta topaketa aktiboa praxiaren erdigunea dira. Horregatik, heziketa unean hezitzailearen teoriek eta teknikek adina indar dute bere ezaugarri pertsonalek, eta horiek hezigaiarekiko harremanean eragiten dute. Hainbat iturri bibliografikoetan oinarrituz, hezitzailearen harreman-trebetasunen karakterizazio global eta integral bat egin genuen. Horrela beste pertsonekin erlazionatzen garenean, elkarren osagarri diren bost trebetasun daude, gutxienez. Hezitzaileak bere zeregin pedagogikoan agertzen dituen trebetasun horiek jokaerak bezala izendatu genituen, eta egoteko, jarduteko, bat egiteko, bereizteko eta berezkotasunerako aukera ematen diote jokaerok.

Hezitzaileen prestakuntza bidearen oinarritzat ikasbide esperientziala hartu genuen, aipatu berri ditugun kontakturako eta harremanetarako bost forma horien garapenaren inguruan zentratuz. Garapen hori gorputzean eta hezitzaile bakoitzaren sentsazio korporaletan oinarritzen da, hori da funtsa. Erlazio forma bakoitza esperimentatu ahal izateko, gorputz ariketez baliatu ginen, eta horrek hezitzaileei ahalbidetzen zien forma bakoitza garatzeko sor litezkeen zailtasunak eta erraztasunak beraien gorputzean bizitzea edo esperimentatzea. Modu horretan, hezitzaile bakoitzak hezigaiarekin zuen heziketa harremanean nolako joera naturalak zituen ikusi ahal izan zuen, hots, autodiagnostiko bat egin eta, aldi berean, hezkuntza-praktikan bertan joera defizitarioenak garatzeko aukera izan. Lan honek pedagogiaren atal horretantxe, hain zuzen ere, egin nahi izan du ekarpena: heziketa praktikarako beharrezkoak diren harreman-trebetasunak eskuratzeko eta garatzeko norabide bat marraztea kontzientzia korporala oinarritzat hartuz.

Doktorego tesiaren planteamendu metodologikoa ikerketa kualitatiboarena izan zen eta ikerkuntza-ekintzaren ildoaren barruan kokatu zen.

Hezitzaileekin esku-hartzea bukatu ostean emaitza oso positiboak eta interesgarriak eman zizkigun ikerketak. Izan ere, ikasbide esperientzialaren aurrean jarrera irekia izan zuten hezitzaileek, berezkoak ez zituzten trebetasunekin jokatzeko gai izan baitziren hezkuntza-praktikan. Egindako esperientziak erakutsi zuen hezitzaileek bizipenen bidez harreman-trebetasunak esperimentatzen zituztenean, euren estiloan aldaketak izateko bidean jartzen zirela. Gainera, hezitzaileek berezkoa ez zuten estiloa ager zezaketela praktikan, baldin eta haren atzetik zeuden sentsazioak inoiz sentitu bazituzten, ez bestela. Zinez, emaitzek argitzen duten bidea, eta ikerketa honek jarri duen oinarria eta ireki duen ildoa aintzat hartuz, hemendik aurrera lantegi bihurtzen da, non harreman-trebetasun bakoitza esperimentatu ahal izateko bidean gehiago sakondu eta ikertu behar den, hezitzaileen formazio praktikoaren abiapuntutzat bere harreman-trebetasunen lanketa hartuz, eta harreman-trebetasun bakoitzaren garapenerako ikasbide esperientzialean sakonduz

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Psychology > Experimental psychology > emoción
Pedagogy > Educational theory and methods > Pedagogía experimental
Pedagogy > Educational theory and methods > Métodos pedagógicos
Pedagogy > Teacher training and employment > Preparación de profesores
Divisions: UPV/EHU > Filosofía y Ciencias de la educación > Teoría e Historia de la Educación
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorPello Jauregi Etxaniz,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5939

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.