Logotipo Hedatuz

Kohesio anaforikoa hiru testu-generotan. Adinaren araberako garapenaren azterketa

García Azkoaga, Inés María (2003) Kohesio anaforikoa hiru testu-generotan. Adinaren araberako garapenaren azterketa. Other thesis, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Euskaraz idatzitako hainbat testu generoren kohesio anaforikoa da tesi honen ikergaia. Halliday eta Hasan-ek (1976) kohesioa sakon aztertu zuten lehendabizikoak izan ziren, eta harrezkero, lan ugari eskaini zaio gai horri. Kohesio nozioa, baina, ez da beti era berdinean interpretatu; horregatik, ikerlan honen hasieran kohesioa ulertzeko modu ezberdinak azaltzen dira, ondoren, kohesio, konexio eta koherentzia nozioen bereizketaren alde lerrokatzeko.

Kohesioarekin lotuta, badugu beste nozio bat ere: anafora, hura baita kohesioaren adierazpen garrantzitsuenetarikoa; halere, ez dago erabateko bateratasunik anafora zer den definitzeko orduan, eta bigarren kapituluan azaltzen den bezala, ugariak dira dauden hurbilbideak eta egiten diren interpretazioak. Ikerlan honetan anaforaren izaera diskurtsiboaren ikuspuntua hartu dut. Erlazioa ez da erreferentziazkoa soilik, interpretazioa ere bada, eta interpretazioaren esparrua diskurtsoari dagokio eta ez bakarrik testuan agertzen diren markei; informazio berrien interpretazioa sarritan mundu diskurtsiboaren mende dago.

Testuen azterketari ekiteko, Bronckart-en (1985, 1996) marko teorikoaren barnean kokatzen ditut nozio horiek. Hirugarren kapituluan azaltzen den teorizazio horren arabera, diskurtsoa testu genero ezberdinen itxura pean gauzatzen da, eta gauzatze linguistiko horretan garrantzitsuak dira, besteak beste, erabiltzen diren testuratze mekanismoak. Konexioarekin batera, kohesioa da horietako mekanismo bat, eta azken honen barruan aditz-kohesioa eta izen-kohesioa bereizten ditu egileak. Azken alderdi hau da, hain zuzen, ikerlan honetan aztertzen dena. Bestalde, kohesioa egituratzeko bideak ere ezberdinak izan daitezke hiztunak bere mezua bidaltzeko aukeratzen duen testu generoaren arabera, ondorioz, testu genero bakoitzak berezko ezaugarriak erakutsi beharko lituzke. Ezberdintasunak egon daitezkeela kontuan harturik, beraz, hiru testu forma aukeratu dira ikerketarako: narrazio testua, azalpen testua eta argudio testua. Bestalde, aktibitate linguistikoa bilakatuz doan prozesutzat hartzen badugu, adinaren arabera ere aldaketak egon daitezkeela pentsa dezakegu.

Hizkuntzaren garapena aztertu dutenen artean anafora izan da hizpide oso sarritan; gehienetan, hizkuntzen ulermen prozesuak eta ahozko hizkuntza oinarritzat harturik, batez ere, ahozko narrazioa. Laugarren kapituluan erakusten den moduan, irizpide ezberdinak daude. Dena dela, oro har, esan genezake 7 eta 10 urte bitartean bereganatzen dutela kohesio gramatikala umeek, baina ezin dugu esan kohesioaren jabekuntza erabatekoa dela ordurako, lan batzuen argitara adin horietatik aurrera jarraitzen duen prozesua baita.

Bosgarren kapitulutik aurrera ikerlanaren alderdi praktikoa garatzen da: erabili den metodologia, datuen azterketaren emaitzak, eta hauen interpretazioa. Testu generoen artean, eta genero bakoitzaren barruan adinetik adinera aldaketak egongo direlakoan, euskarazko narrazio, azalpen eta argudio testu idatzietako kohesio anaforikoa aztertzen da. Horretarako erabili den corpusak 240 testu ditu guztira: testu genero bakoitzetik 80 ale bildu dira, 20 adin talde bakoitzean. 11, 13, 15 eta 20 urtetik gorako eskola eta unibertsitateko ikasleek idatzitako testuak dira. Adierazpide anaforikoak identifikatzeko galbahe bat erabili, eta ehunekoak kalkulatu ondoren, datuak grafikoki islatu dira testuen arabera, eta testu bakoitzaren barruan adinaren arabera gertatzen diren joerak ikusteko.

Emaitzen argitara zera ikusten da: kohesioa oso baliabide ezberdinen bitartez eraiki daitekeela eta haren interpretazioan eragin handia dutela faktore pragmatikokognitibo eta diskurtsiboek, osagaien arteko erlazio logiko-semantikoek, eta pertinentzia kontuek. Bestalde, idazlanen kohesio anaforikoa eraikitzeko moduan testu generoak duen eragina ikusten da, baliabide batzuk hobeto egokitzen baitzaizkio testu genero bati beste bati baino. Gainera, adierazpide anaforikoaren funtzioa aldakorra izan daiteke antolatu behar dituen harreman diskurtsiboen arabera.

Adinaren ikuspegitik, talde batetik bestera ere ezberdintasunak agertzen dira testu genero bakoitzaren kohesioa eraikitzeko moduan, eta baita erabiltzen diren baliabide anaforikoen konplexutasunaren arabera ere. Eraikuntza hori erabilitako baliabideen eraginkortasunaren mende legoke, eta ez testuan agertzen diren kohesio marken kopuruaren mende. Bestalde, nahiz eta 11 urterekin oinarrizko trebetasuna bereganatuta izan, trebetasun hori ikasleentzat ezagunagoa den testuetan nabaritzen da batez ere, hau da, narrazioetan; beste testuetan arazo gehiago agertzen da, eta adinaren araberako erabilera irregularragoak ikusten dira adierazpide anaforikoetan. Gorabehera horien eragileak taldekideen banako ezaugarriak izan daitezke, haatik, ezin dugu ahaztu eskolan gutxien landu izan diren testu generoetan antzematen direla arazo nabarmenenak, azalpen eta argudio testuetan, hain zuzen. Emaitza hauek guztiek agerian jartzen dute, kohesioaren ikaskuntza-irakaskuntzak testu bakoitzaren barnean dagoen behar diskurtsiboaren araberakoa behar duela izan

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Linguistics > Applied linguistics > Lenguajes de los niños
Linguistics > Applied linguistics > Lenguaje y literatura
Linguistics > Applied linguistics > Enseñanza de lenguajes
Divisions: UPV/EHU > Filología, Geografía e Historia > Filología vasca
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorItziar Idiazabal Gorrotxategi,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5887

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.