Ortiz Lopetegi, Agurtzane (2004) Manex Erdozaintzi-Etxart. Bizitzaren eta literaturaren konpromezua (1934-1984). (Vie et oeuvre de Manex Erdozaintzi-Etxart). Other thesis, Université de Pau et des Pays de l"Adour.
Texto completo no está disponible desde este repositorio.Abstract
Tesi honek Behe Nafarroako Manex Erdozaintzi-Etxart idazle eta fraide frantziskotarraren bizitza eta obra ditu aztergai.
Autorearen literatur idatziak, artikuluak eta gisa guztietako eskuizkribu, egunkari, gutun eta dokumentuen bilketa eta sailkapen-lan zorrotz batetik abiatuz, helburu edo xede nagusi bat izan dugu: M.E.E.en biografia eta obra literario osoa aztertzea, autorea eta obra beren historia, gizarte eta kultur testuinguruan kokatuz, eta elementu horien guztien arteko elkarreraginak azalduz. Horiek horrela, honako atal hauek jasotzen ditu gure ikerlanak:
1) Idazlearen bizitzaren urtez urteko gertakari nagusiak biltzen dituen biografia. Horretarako, hari buruz esanak, idatziak eta batez ere autorearen beraren eskutik heldu zaizkigun lekukotasunak (egunkariak, eskutitzak...) eta informazioak oinarritzat hartuz, eta betiere autoreak bizi izandako testuingurua kontuan hartuz.
2) Idatzi guztien sailkapena. Olerki, prosazko testu eta aldizkarietako artikuluen zerrenda egin dugu, argitaratuak ez ezik, autoreak gorderik eta argitaragabe zituenak ere bai. Idazki argitaragabe guztiekin ikerketaren Corpusa osatu dugu, tesiaren bigarren alean eskaintzen duguna. (Orotara 83 olerki argitaragabe bildu ditugu, zenbait prosazko testu eta aldizkarietan agerturiko 40 artikulu.)
3) Autorearen literaturaren teoria edo poetika, alegia, haren literaturaren kontzeptua, literatur jardueran zekusan funtzioa, zergatik, zertarako eta norentzat idazten zuen...
4) Autorearen literatura-bilakaera eta formakuntza, hau da, haren literatura-ereduak, harreman sarea, bizi izan zuen kultura eta literatura-giroa...
5) Erdozaintziren idazmoldea eta estiloaren azterketa; batetik, alderdi tekniko-formalei dagokionean, eta bestetik, obra guztian antzematen den iruditegiari eta sinbologiari dagokionean.
Ikerketa honek Erdozaintziren bizitzaren eta obraren ezagutza zabal eta sakona eskaintzen digu, gizonaren eta idazlearen dimentsio funtsezkoa eta berria. Hala, Iparraldeko fraide frantziskotar euskaltzalea, militantea eta olerkaria ezagutu dugu, bere bizitza osoan, erlijio, politika eta kultura-mailan ez ezik, literatura-mailan ere euskal kontzientzia piztu eta zabaldu nahi izan zuena.
Erdozaintziren obra erromantizismoaren, ideia politiko-sozialen eta fede kristauaren sintesia dela esan dezakegu. Errealitate sozialaren salaketa ozenarekin batera, badago sakontze bat, intimismoa, bizitzaren eta gizakiaren izateari buruzko gogoeta (gizakia-natura, gizakia-hiria, gizakia-jainkoa), errealitatearen zentzuari eta kristautasunari buruzko hausnarketa. G. Bachelard, G. Durand eta Ortiz-Osés-en lanetan oinarrituz, hiru dimentsio bereiztu ditugu: a) dimentsio naturalista (paisaiaren, herritartasunaren eta erlijioaren garrantzia); b) dimentsio humanista (hiri handiaren presentzia, gizarte arazoak, industrializazioa); c) dimentsio soziala eta militantea (herri xehe eta langilearekiko konpromisoa).
Dimentsio horiek 50eko hamarkadan sortu eta 70.enean garatu zen euskal literaturako autoreen artean kokatzen dute gure autorea, gizarte eta politika-mailako aldakuntza garai batean garatu zirenak eta aldakuntza kultural baten hastapena eragin zutenak.
Iparraldeko kultur berpizkundearen eta euskal kontzientziaren eragile izan zen Erdozaintzi, belaunaldi engaiatu baten aitzindarietako bat. Idazle askorentzat kultur eta literatur aholkulari, laguntzaile eta bultzatzaile ez ezik, literatur erreferente edo eredu ere bai.
Tesi honek Manex Erdozaintzi-Etxarten ezagutza osatua eta berria eskaintzeaz gain, Frantzia, Euskal Herria eta bereziki Iparraldeko 1950-1980 urteetako testuinguru kulturala, soziala eta politikoaren ezagutza hobea ahalbidetzen digu. Halaber, autore honen obra osoa bilduz eta ezagutzera emanez, euskal literaturako hutsune bat bete ahal izango dugulakoan gaude, bai eta aurrerantzean burutu litezkeen ikerketetarako abiapuntu baliagarria ezarri ere
Item Type: | Thesis (Other) | ||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
Subjects: | Sciences of Arts and Letters > Literary theory, analysis and criticism | ||||||
Divisions: | Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA) > UFR Pluridisciplinaire de BAB > Études Basques | ||||||
Contributors: |
| ||||||
Date Deposited: | 24 May 2010 17:00 | ||||||
Last Modified: | 24 Aug 2010 13:16 | ||||||
URI: | http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5949 |
- ASCII Citation
- BibTeX
- DIDL
- Dublin Core
- EP3 XML
- EndNote
- Eprints Application Profile
- HTML Citation
- JSON
- METS
- MODS
- OAI-ORE Resource Map (Atom Format)
- OAI-ORE Resource Map (RDF Format)
- OpenURL ContextObject
- OpenURL ContextObject in Span
- RDF+N-Triples
- RDF+N3
- RDF+XML
- Refer
- Reference Manager
- Simple Metadata
Personal del repositorio solamente: página de control del documento
¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.