Logotipo Hedatuz

Nafarroa Garaiko Ikastolen Historia (1963-1982)

López-Goñi, Irene Carmen (2002) Nafarroa Garaiko Ikastolen Historia (1963-1982). Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Tesi honen helburua Nafarroako ikastolen mugimenduaren hasieretan sakontzea da, erakunde bat ezagutu ahal izateko, izan duen bilakaera historikoa derrigorrean ezagutu behar delakoan.

Ikerketa honen muga geografikoak Nafarroa Garaiari dagozkionak dira. Edukiaren ulergarritasunak hala eskatzen duenean soilik egin dira Nafarroa Garaiko mugak gainditzen dituzten aipamenak, Euskal Herriko beste ikastolei buruzko erreferentziak normalean. Tesiaren muga kronologikoak, ordea, 1963 eta 1982. urtean jarri dira. Abiapuntua, 1963. urtea, alegia, Iruñean ikastola bat irekitzeko Gerra Zibilaren ondoren egin zen lehen saiakeraren urtea dugu. Proiektu hori debekatua suertatu zen arren, jarraian beste ikastola batzuk sortu ziren Nafarroan barna; Ikastola horien erakundetze prozesua ez zen aztertutako epean lortu, ez eta Estatuarekin, banaketa administratibo berriaren kariaz, 1982ko abuztuaren 10eko Foru Eraentzaren Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa indarrean jarri zenean ere. Lege horren urtea da ikerketari goitik jarri zaion denborazko muga.

Lehen kapitulua alderdi metodologikoei eskaini zaio. Bertan metodologiaren alderdirik garrantzitsuak zehazten dira hala nola jarraitutako prozedura historiko deskribatzailea, aztertutako agiri mota, bisitatutako artxibategiak, hartutako hizkuntza erabakiak, izandako arazoak eta lanaren mugak.

Bigarren kapitulua euskarazko irakaskuntzaren aurrekariei dagokie. Honetan, Nafarroak irakaskuntzan izan dituen eskubide historikoen iturburua aztertu da, hala nola Gerra Zibila baino lehenago euskal kulturaren inguruan Nafarroa Garaian izan zen euskal kultur mugimendua eta euskara zein euskarazko irakaskuntzaren inguruan aurrera eramandako esperientziak.

Hirugarren kapituluan, Gerra Zibiletik 1957. urtera doan garaia aztertu da, errepresio garaia. Gerra Zibilaren urte ilunek euskal irakaskuntzari ekarri zizkioten aldaketak miatu dira bertan. Hasierako urte haietan euskal kulturaren esparruan ibilitako pertsonak hilda edo barreiatuta egonik, euskararen inguruan sortutako esperientziak desegin egin ziren. Alabaina, Nafarroako Aldundia indartu egin zen urte horietan, eta Estatu berriarekin kontsultatu gabeko erabakiak hartu zituen irakaskuntza esparruan. 1957an Príncipe de Vianaren barruan Euskara Sustatzeko Saila sortzearekin, hizkuntzaren aldeko lehen ekimenak proposatzen hasi ziren alderdi ofizialetik.

Laugarren kapitulua 1970eko Hezkuntza Legea bitarteko nafar irakaskuntzari eta euskararen egoerari eskaini zaio. Izan ere, ikastolak bereziki hamarkada horretan sortu zirenez, hezkuntzaren egoera orokorra zein euskararena ezagutzea garrantzitsua da. Ondoren aztertu da Nafarroan Gerra ondoren sortu ziren lehen bi ikastolen historiak -hasierakoa garatu gabeko proiektuan gelditu zen arren-, haiek ezagutzea garaiko giroaz jabetu ahal izateko baliagarri suerta dakiokeelakoan.

Bosgarren kapituluan, ikerlaria bete-betean murgildu da nafar ikastolen mugimenduan. Bertan, 70eko hamarkadan sortu ziren ikastolen izaera aztertu da. Eremu politiko-administratiboak desberdintasunak sortu zituen herrialdeetako ikastolen artean eta horiez gainera, halaber, Nafarroako ikastolei, beren artekoei, dagozkien diferentziak ere egon badaude. Irizpide geografikoa soilik hartuta, Nafarroa barruko mugimendua askotarikoa dela antzematen ahal da: herrien ezaugarriek -aldagai sozio-ekonomikoak eta euskararen egoerarekin lotutakoak bereziki- nortasun propioa utzi dute beren eremuko ikastoletan. Kapitulu honetan hasierako ikastola hauen ezaugarriak aztertu dira hala nola giroa eta protagonisten iritziak.

Ardatz Politiko-Administratiboa hartu da aztergai seigarren kapituluan. Bertan, ikastolek erakundetzeko izan zituzten arazoak arakatu dira, garai ezberdinak pasatu baitzituzten, Aldundiak beraiekiko izandako jarreren lekuko diren garaiak. Ez da erraza suertatzen antzematea Nafarroako Aldundiaren barruan gertatu ziren ideologien indar neurketak. Izan ere, Gerra Zibilaren ondoren euskara berreskuratzeko lanean jardun zuen lehena izanik eta oinarrizko hezkuntza arautzeko gutxieneko tresnak edukiz, ez da ulergarria erakundetze prozesuan jokatu zuen paper ahula.

Lan hau, unibertsitateko elkartekideei ez ezik, Nafarroan hezkuntzan eta bereziki euskarazkoan interesa duten guztiei eskaini zaie, lagungarri izanen zaielakoan. Helburu horrekin egileak 2002an argitaratu zuen ikerketa honen inguruko liburua, Nafarroako Euskara Elkargoa fundazioaren laguntzari esker. Pixkanaka, lan hauek direla eta, euskal irakaskuntzaren historia osatzen ari gara

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Pedagogy > Organization and planning of education > Educación vocacional y entrenamiento
Pedagogy > Organization and planning of education > Organización y dirección de las instituciónes de educación
Pedagogy > Organization and planning of education > Niveles y temas de educación
Divisions: UPV/EHU > Filosofía y Ciencias de la educación > Teoría e Historia de la Educación
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorPaulino Dávila Balsera,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5844

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.