Logotipo Hedatuz

Herri aldizkarien funtzioa euskara normaltzeko prozesuan (1989-1999)

Camacho Markina, Idoia (2002) Herri aldizkarien funtzioa euskara normaltzeko prozesuan (1989-1999). Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Tesi honek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan euskaraz argitaratzen diren informazio orokorreko herri aldizkariak aztertzen ditu, hirugarren milurtekoaren atarian euren egoera zein den adierazteko asmoz. Ikerketaren oinarria aldizkarien eduki-azterketa da, hau da, jendearen etxera iristen den produktuaren mamia ezagutzea. Agerkari horietan sail guztietako eduki informatiboak (albisteak, iritzi artikuluak, beraiekin batera agertzen diren irudiak eta baita txisteak eta testua duen umorea ere) aztertu dira, 1989. urtetik 1999. urtera bitartean izan duten bilakaera azalduz. Bestalde, erabiltzen duten hizkuntza mota ere ikertu da, aldizkariek euskararen erabilerarako hizkuntz normalkuntza-prozesuan zein funtzio betetzen duten ezagutzeko.

Aldizkarien lagina egiteko orduan, Euskal Autonomia Erkidegoko zonalde desberdinetako eta egoera soziolinguistiko ezberdinak dituzten herriak aukeratu zituen egileak, udalerri hauetako herri aldizkariak herri prentsaren ordezkaritzat har daitezkeelakoan. Hala ere, ez-probabilitatezko lagina aukeratu zuen eta horregatik ezin dugu esan laginaren emaitzak unibertso osoarenak direnik, baina era horretan euskarazko tokian tokiko prentsaren joerak adieraz daitezke. Aldizkari hauek hartu ziren ikergai: Ondarroako Arranondo, Orioko Karkara, Aretxabaletako Aretxagazeta, Arrasateko Arrasate Press, Durangoko Eraz, Tolosako Galtzaundi, Getxoko Bizarra lepoan/UK, Iruneko Irunero eta Zuiako Eskualdeko Herrietan.

Tesia lau zati nagusitan banatzen da: sarrera eta metodologia (0 atala), ikergaiaren testuingurua (1., 2., 3. eta 4. atalak), landa-lana (5. eta 6. atalak) eta eranskinak.

Lehenengo atalean Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen egoera gaur egun zein den adierazten da, bai eta azken hamar urteetan zehar izan duen bilakaera ere. Bestetik, euskara batua zein euskalkien egoera aipatzen da, eta beraien aurrean hedabideek duten jarrera.

Bigarren atalean euskararen normalkuntza zertan datzan azaltzen da, beraren inguruan dagoen arautegia adieraziz. Era berean, euskararen normalizazioa lortu ahal izateko jarraitu behar den bidea aztertzen da, guztion esku dagoela azpimarratuz.

Hirugarren kapituluan Euskal Herrian tokian tokiko euskarazko prentsaren panorama aurkezten da. Argitalpen hauek dituzten ezaugarriak aipatzen dira eta euren funtzioak aztertu. Beste aldetik, Herri Aldizkarien Elkartearen berri ematen du egileak, bere zergatia eta helburuak aipatuz. Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntz normalkuntza prozesuan euskarazko herri aldizkarien garrantzia nabarmentzen da eta aldizkari horiek erabiltzen duten euskara nolakoa den azaltzen da, hau da, ea euskara batua edo bertako euskalkiak erabiltzen diren.

Laugarren atalean teknologia berriek, eta zehazki Internetek, euskarazko herri aldizkarietan izan duten eragina aztertzen da: gaur egun hainbat aurrerapen ekarri diguten teknologiak zelan egokitu diren tokian tokiko aldizkarietan. Bestalde, aldizkariak sarean zergatik eta nola agertzen diren aztertzen du egileak.

Bosgarren atalean laginean aukeratutako bederatzi aldizkarien azterketa agertzen da: landa-lana alegia. Agerkari bakoitzari buruzko hainbat datu adierazten dira, gaur egun zein egoeratan dauden jakiteko eta baita azken hamar urteetan izan duten bilakaera aztertzeko asmoz.

Seigarren kapituluan ikerketaren ondorioak aipatzen dira, bai aldizkarien igorleari bai edukiari dagozkien datuak azalduz.

Azkenik, tesiaren azken zatian hiru eranskin agertzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko euskarazko herri aldizkarien errolda, tokian tokiko administrazioko komunikazio-kabineteei buruzko atala eta aldizkarien azterketa egitean sortutako taula estatistikoak

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Political Science > Public opinion > Medios de masas
Political Science > Public opinion > Prensa
Divisions: UPV/EHU > Ciencias Sociales y de la Información > Periodismo
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorGorka Palazio Arko,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5832

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.