Logotipo Hedatuz

Kepa Enbeita eta Balendin Enbeita: bi bertsolari-belaunaldi ahozkotasunaren harian

Barandiaran Amarica, Asier (2002) Kepa Enbeita eta Balendin Enbeita: bi bertsolari-belaunaldi ahozkotasunaren harian. Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Tesi honetan Enbeitatarren bi bertsolari-belaunaldi adierazgarrienen ekoizpena aztertu nahi izan da. Kepa Enbeita (1878-1942) da lehenengoz aztertu dena eta ondoren bere semea Balendin Enbeita (1906-1986). Haien bertsogintzazko produkzioa da lan honen aztergaia eta berorren barruan bai bat-bateko bertsoak, bai eurek idatzitakoak biltzen dira.

Azterketa honen helburuak bat baino gehiago izan dira. Alde batetik, bertsolari bi hauen bertsoetan ahozkotasunaren aztarnak bereizi nahi izan ditugu. Ikuspegi hau zeharkakoa da; izan ere, gainontzeko helburuak ere zipriztindu edo blaitu egiten ditu. Bestaldetik, bertsolaritzaren familia bidezko transmisioa erakutsi nahi izan da, horretarako oso egokia izanik bertsolari biak aita-semeak izatea eta euren artean lotura afektibo-kulturalak sendoak izatea. Azkenik, esanahia edota semantika arloari lotuta, haien ideologiak aztergai izan ditugu, bakoitzaren berezitasunak agertuz eta bien arteko aldeak agerian utziz.

Azterketa hau burutzeko atal jakin batzuk eratu behar izan ditugu helburuak hobeki jaresteko. Geure asmoen neurrirako prozedura eta alorrez alorreko banaketa asmatu ditugu.

Aurreneko alorrak bertsoa bera (ekoizpen estetikoaren oinarrizko unitatea) eta bere alderdi formalak aztertzekoak dira. Azkeneko alorretan, berriz, bertsoetan antzematen diren erretorika eta esanahiari lotutako alderdiak jorratzen dira.

Lehenengo alorrean hoskidetza da aztergaia. Joera nagusiak eta ahozko antzezpenari lotutako estrategiak agertu ditugu bertan.

Bigarren alor garrantzitsua "azken puntua" izendatu dugu. Bertan bertsoaren eraketarako hain giltzarria den azken puntua eta horren inguruko estrategiak agertzen dira. Ahozko antzezpen eta konposizioan izaten diren jarrerak idatzitako bertsoetan zenbateraino islatzen diren erakutsi dugu.

Baina azken puntuan ez da agortzen bertsoaren mamia eta, beraz, beste alor bati ekin behar izan diogu. "Ahapaldia" du izenburutzat alor horrek. Bertan, azken puntuari ez ezik, bertso osoari, hau da, ahapaldi osoari erreparatzen diogu. Komunikazio eta konposizio estrategien araberako egitura-ereduak daudela demostratu dugu, eta bertsolari batetik bestera badela transmisioa ere erakutsi dugu.

Azterketa formalaren barruan bertso-sorten egitura sartu behar zelakoan geunden eta horri ekin diogu laugarren arloan. Bertso-sorta handi zein laburretan dauden egitura eredu nagusiak agertu ditugu bertan, egile bakoitzaren azterketa eginez, noski, eta bukaeran emaitza biak alderatuz.

Bada bosgarren alor bat oraindik ere itxurari erreparatzen diona. Baina bosgarren honek esanahiarekin ere lotura estua dauka; izan ere, hemen irudi erretorikoak aztertzeari ekin diogu eta horrela egile bion estiloa deskribatu nahi izan dugu.

Azkenik, bertsolaritzaren bidez eta ahozko estiloa islatuz, egile biek duten ideologia izan dugu aztergai. Azterketa honek seigarren eta hamabigarren kapituluak hartzen ditu.

Bertsolari bion bertsogintza aztertu ondoren, lehenengo eta behin, bakoitzaren "iturriak" eta bertso- zein ideologia-erreferentziak zeintzuk izan diren zehaztu ahal izan ditugu. Horren ostean, kapitulu bakoitzean agertu diren ondorioak jaso egiten dira berriro ere eta egile bien artean halako konparazio bat egiten da. Egile bakoitzaren joera nagusiak arestian aipatutako arloen arabera azpimarratzen dira. Horrela konturatzen gara bi Enbeitatar hauek joera neoplatoniko batekoak edo direla; izan ere, maite dituzten kontzeptu eta balioak pertsonifikaturik, gauzaturik agertzen dira beren bertsogintzan. Hala ere hori ez da traba entzulego edo hartzailearengana ahozko estiloan zuzentzeko. Ahozko estilo hori, besteak beste, herriaren ezagutza komunean oinarritzen da, eta baloratuen dauden balioei eusten die

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Sciences of Arts and Letters > Literary theory, analysis and criticism > Análisis literario
Sciences of Arts and Letters > Literary theory, analysis and criticism > Estética y estilo literario
Divisions: UPV/EHU > Filología, Geografía e Historia > Filología vasca
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorJon Kortazar Uriarte,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5830

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.