Logotipo Hedatuz

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kiropteroak: Banaketa, Ekologia eta Kontserbazioa

Aihartza Azurtza, José Ramon (2001) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kiropteroak: Banaketa, Ekologia eta Kontserbazioa. Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Helburuak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kiropteroen Atlasa egitea, lurraldean diren espezieen zerrenda eta euretako bakoitzaren banaketa geografikoa zehaztuz; bertako espezieen ekologia eta fenologiari buruzko lehen hurbilketa burutzea, erabiltzen dituzten babesleku motak, banaketa altitudinala eta antolakuntza soziala urtesasoi bakoitzean aztertuz, bai eta hibernaziorako dauzkaten eskakizunak, ugalketaren fenologia, erlazio interespezifikoak, eta migrazioak ere; espezie bakoitzaren kontserbazio-egoera finkatzea, populazioen joerak eta eurei eragiten dieten arrisku-faktoreak ahal den neurrian zehaztuz, bai eta espezie bakoitzaren babes edota berreskurapenerako kudeaketa-neurri eta lan-ildo premiazkoenak proposatzea.

Metodologia: 1994.etik aurrera laginketa sistematikoa burutu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen dituzten 10 x 10 km-ko UTM kuadrikula guztietan, eta hauetariko bakoitzean egindako laginketa-ahalegina bertako azalera erabilgarria, habitat-aniztasuna, eta babesleku potentzialen eskuragarritasunaren arabera doitu da. Guztira 1.017 leku lagindu dira 356 mendi-egunetan. Laginketa-metodo ezberdinak konbinatu dira: bilaketa zuzena egin da babesleku potentzialetan (koba eta leizeak, mehatzuloak eta beste lurpeko babesleku artifizialak, giza eraikuntzak eta zubiak); saguzarren pasabide eta edalekuetan sare kiropterologikoak eta harpa-tranpak ezarri dira; saguzarren ihardueraeremu eta babesleku potentzialen inguruetan ultrasoinu-igarleen bitartezko entzuketa eta grabazioak burutu dira, ondoren hauen azterketa sonografikoa burutu delarik.

Emaitzak: Guztira 1.411 saguzar-behaketa lortu dira, hauetariko 1.280tan espezie-mailako identifikazioa lortu delarik. Honela, 945 aipu bildu dira, hauetatik 875 berriak, eta honek 126,3 aipu/1.000 km2 egiten ditu -167,1 aipu/1.000 km2 erreferentzia bibliografikoak ere hartuz-. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako saguzarren fauna 22 espeziez osotzen da gutxienez, eta ikuspegi zoogeografikoari dagokionean bere ezaugarri azpimarragarriena Europako mendebaldeko espezie ipartarrenen eta hegotarrenen ausentziak dira, hala nola M. brandtii, M. dasycneme, E. nilssonii eta V. Murinus lehen kasurako, eta R. mehelyii eta M. capaccinii bigarrenerako. Latitude ertainetako espezieak nagusi izan arren, eurekin batera H. savii, M. blythii, N. lasiopterus edota T. teniotis bezalako izaera mediterranear gogorreko espezieak, eta P. nathusii, P. auritus edo B. barbastellus bezalako espezie erteuroparrak ere ageri dira.

Espezie-aberastasunik handiena mendietan behatu da, eremu karstikoetan eta habitat-aniztasun handikoetan bereziki, eta baxuena berriz isurialde atlantiarreko eskualde humanizatuetan, Arabako Lautadako nekazal ustiapen zabaletan, eta koniferoen monokultiboa nagusi den eremuetan. Espezieentzat proposaturiko kontserbazio estatus orokorra bat dator gure inguru geografikoan orain artean proposatu direnekin, eta guztira 2 espezie "arriskupean", 9 "kaltebera", 3 "arraro", 6 "interes bereziko", eta 2 "mehatxurik gabeko" biltzen ditu. Epe laburrera egurraren kontserbaziorako erabiltzen diren intsektizida organokloratuak dira arazorik larriena R. ferrumequinum, M. emarginatus, P. auritus eta P. austriacusentzat, beste zenbait espezieri ere eragiten dietelarik. Bestalde, lurpeko babeslekuetara lotutako epezieetan, hala nola R. euryale, R. ferrumequinum, R. hipposideros, M. emarginatus, M. myotis eta M. schreibersiiren kasuetan, babeslekuen galera eta bertan eragindako eragozpenak mehatxu garrantzitsuak dira. Babeslekuetan behatutako arrisku-faktoreen artean azpimarratzekoak dira halaber koloniak etxeetatik kanporatzea, eraikuntz-teknika berriak, harrizko zubi zaharren porlanezko konponketak, eta baso heldu eta zuhaitz zahar eta zuloz jantzitakoen desagerpena. Habitataren kalitateari lotutako arazoak batez ere hostogalkorrezko basoekin, eta bereziki baso heldu eta ongi egituratutakoekin lotutako espezieetan dira larriak, hauek ingurune oso urriak eta izaera erresidualekoak baitira azterketa-eremuan. Arazo hauek bereziki M. bechsteiniii, M. mystacinus, P. auritus, edo B. barbastellus, jotzen ditu, beste batzuren artean

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Life Sciences > Animal Biology (Zoology) > Ecología animal
Life Sciences > Animal Biology (Zoology) > Estudio de los mamíferos
Life Sciences > Animal Biology (Zoology) > Taxonomía animal
Divisions: UPV/EHU > Ciencias > Zoología y Dinámica celular animal
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorHans Jorgen Baagøe,
DirectorJavier Juste Ballesta.,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5810

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.