Logotipo Hedatuz

Azalpenezko testu entziklopedikoaren azterketa eta didaktika

Sáinz Osinaga, Matilde (2000) Azalpenezko testu entziklopedikoaren azterketa eta didaktika. Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Lan honen egitekoa euskararen ezaugarriez hizkuntzaren didaktikarako zenbait argibide ematea da. Horretarako honako marko teorikoa hautatu dugu: igorleak hizkuntzarekin jardutean testuak ekoizten ditu eta horien antolaketa eta funtzionamendua parametro askoren eta anitzen baitan gertatzen da -komunikazio egoera, testu genero moten eredua, diskurtso moten eredua, hizkuntza sistemaren arauak, ekoizlearen erabaki partikularrak, etab.-. Igorleak, testuak ekoiztean, zenbait erabaki hartzen ditu eta horien aztarnak testuan bertan ikus daitezke. Ekoizten ditugun testuak anitzak dira baina generotan sailka daitezke. Generoak ditugu, bada, zenbait testuren elkargune, hiztun taldeak identifikatu egiten baititu testu genero baten ezaugarriak. Generoa dugu, orduan, didaktikarako eredu "sinplifikatua". Esparru honetan kokatu dugu gure ikerketa eta, beraz, gure lanerako testu genero bat aukeratu dugu: azalpenezko testu entziklopedikoa. Lehenengo eta behin, testu genero honek euskaraz nola funtzionatzen duen jakin nahi izan dugu, eta, ondoren, berau eskolan irakatsi dugu. Euskarazko azalpenezko testu generoak nola funtzionatzen duen jakiteko, 60 testuko corpusa aukeratu, eta aztertu egin dugu. Testu horietan testualizazio mekanismoaren kohesioa aztertu dugu nagusiki (anaforak). Horrekin batera, paraleloki, ikaskuntzarako sekuentzia didaktiko bat prestatu eta 11-12 urteko ikasleekin aplikatu dugu eskola eremuan. Modu horretara jakin dugu, sistematikoki irakatsita, ikasleek zer ikasi duten azalpenezko testuaz. Sekuentzia didaktikoan honako edukiak landu dira: testuaren antolaketa eta testu-antolatzaileak, testuaren kohesioa, irakurleari irakurketa errazteko mekanismoak (birformulazioak...). Metodo esperimental klasikoa erabili dugu horretarako (talde esperimentala/kontrol taldea eta aurretestua/ondotestua).

Ikusitako emaitzen argitan, euskarazko azalpenezko testuaren kohesioa anafora nominalekin (errepikapena, anafora kontzeptuala...) egiten dela esan daiteke. Datu hori berori aurkitu dugu bai testu sozial kanonikoetan eta bai ikasleen ekoizpenetan ere. Ikerketaren alderdi enpirikoan aurkitu ditugun emaitzetan oinarrituta, esango dugu irakaskuntza intentzionatuak eta sistematizatuak oso modu mesedegarrian eragiten diola ikaskuntzari. Oro har, talde esperimentaleko ikasleek kontrol taldekoek baino hobekuntza handiagoak eta sakonagoak egin dituzte. Kontrol taldekoek egin dituzten hobekuntzak, ordea, azalekoak izan dira eta horiek hobekuntza kolateralen barnean ikusi dira. Alegia, jarduera bera bi aldiz errepikatzearen ondorioz gerta daitezkeena soilik.

Talde esperimentaleko ikasleek izan dituzten hobekuntzak, gainera, hainbat eremuri dagozkie: testualitate mailari (hobeto antolatzen dute, hobeto lotzen dituzte ideiak...) eta perpausa mailako ezaugarriei (perpausa barruan subjektua edo objektu zuzena eta aditzaren arteko komuztadura hobeto gordetzen dute, esaterako). Deigarria da azken alderdi hori, sekuentzia didaktikoak alderdi testualak landu baititu soilik.

Hautatu den teoriari hainbat abantaila ikusten zaizkio, hizkuntzaren problematika bere osotasunean aztertzen baitu: objektuaren analisia (testu-generoen analisia), subjektuaren gaitasunak (ikasleak hizkuntzarekin egiten dakiena) eta didaktikarako lanabesak. Abantaila horiez gain, didaktikari begira, ikasleen aniztasunari erantzuteko marko egokia eskaintzen duela uste da.

Aurrera begira, ikerketarako zenbait ildo interesgarri aipatuko ditugu. Ildo horiek bi multzotan banatu ditugu: euskararen funtzionamendua hobeto ezagutzera eramango gaituen ildoa eta euskararen ikaskuntza/irakaskuntzaren mekanismoak hobeto ezagutzera eramango gaituena.

Tesi hau Erein argitaletxeak 2001. urtean kaleratu du

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Linguistics > Applied linguistics > Enseñanza de lenguajes
Pedagogy > Educational theory and methods > Pedagogía experimental
Linguistics > Synchronic linguistics > otras (especificar)
Divisions: UPV/EHU > Filología, Geografía e Historia > Filología vasca
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorItziar Idiazabal Gorrotxategi,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5786

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.