Logotipo Hedatuz

Euskal nazionalismoa eta hezkuntza publikoa: ikastolen publifikazioa

Mateos González, Socorro (1999) Euskal nazionalismoa eta hezkuntza publikoa: ikastolen publifikazioa. Other thesis, Universidad del País Vasco.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Tesiaren abiapuntua eta kokapen teorikoa: Tesi honek Euskal Autonomia Erkidegoan, 1993an, ebatzi zen Euskal Eskola Publikoaren Legeak eragindako eztabaidetan du jatorria. Momentu hartan, orduko egoera atipikoari amaiera eman guran, ikastolak behartuta egon ziren sare publikora biltzeko edo sare pribatuan jarraitzeko erabakia hartzera. Abertzaleen artean gorpuztu ziren ikusmolde ezberdinak kontuan hartuz, aztergaia euskal nazionalismoa eta hezkuntza publikoaren harremanetan datza, eta tesiaren hipotesia da harreman hartatik ondorioztatu behar dela ikastolari eman nahi zitzaion irtenbidea. Hartarako, abertzaleen arteko batasuna eta banaketa eragiten duten aldeen analisia da tesiaren hari eroalea, jarrera diferenteak eta, aldi berean, komuntasuna azalarazi dira eta.

Lau eremu teoriko jorratzen dira. Lehena, Mendebaldean garatu diren estaturik gabeko nazioetako nazionalismoen azterketa da. Bigarrena, herrialde horietan gorpuztu diren hezkuntza sistemen analisia da. Hirugarrena, arlo publikoari buruz sustatzen diren ikuskera ezberdinen analisia, eta, laugarrena, azkenik, aurreko hirurak kontuan harturik, hezkuntza publikora begira mugimendu nazionalista horiek buru ditzaketen estrategia posibleez zenbait hipotesi planteatzea da. Horietatik guztietatik abiaturik, ezartzen da ezinezkoa dela ildo bakar bat aurreikustea; hau da, nazionalismo mota hauen berezko jokaera ez dela beti izaten hezkuntza publikoari uko egitea eta haren eraginpeko hezkuntza sare bat osatzea.

Euskal nazionalismoaren jokabidea hizpide harturik, bere sorreratik bertatik eduki duen hezkuntza jokaeraren bilakaera historikoari begiratu bat ematen zaio, eta bertan argi samar agertzen da euskal mugimendu nazionalistaren unean uneko botere politikoa, nazio ikuskerak eta ikusmolde ideologikoek jokaera askotarikoa ezarri diotela hezkuntza publikoari begira.

Erabilitako metodologia: Marko teorikoa deritzonari dagokionez, iturri bibliografikoak erabiltzen dira. Ikastolen publifikazioa deituriko prozesu horretara etorrita, alderdi politiko, sindikatu eta gogaide abertzaleen jendaurreko dokumentuak erabiltzen dira ikertze material gisa, batetik. Bestetik, eraketa aurreautonomikoa ezarri zenez geroztik lurralde horretako egunkari eta aldizkarietan agertu ziren iritzi artikuluak eta elkarrizketak; eta, horrez gain, administrazio autonomikoak ebatzitako hezkuntza legeria erabiltzen da. Argi dago prozesua oso konplexua izan zela, eta hainbat arlotatik azter zitekeela. Baina ikuspuntu politikoa hobesten denez, argiago islatzen da halako material idatzaian sinatzailearen ardura politikoa.

Tesiaren ondorio nagusiak: Talde abertzaleen diskurtsoez gain, hiru ardatzen inguruan kokatzen dira euren arteko aliantzak eta aurkamenduak: ardatz linguistikoa, ardatz ideologikoa eta ardatz politikoa. Hirugarrena izan zen inportanteena; hots, 1978tik 1993ra arteko abagune politiko ezberdinak guztiz esanguratsuak izan ziren prozesu horretan. Lehenengo aldian, botere instituzionalaren jabe zen nazionalismoa eta oposizioko abertzaleak jarri ziren aurrez aurre. EAJk, prozesu autonomikoa amaitugabetzat jotzen zuen neurrian, ikastola sareari eustea defendatu zuen. EAJrekiko areriotasunak, berriz, EE eta HB bildu zituen, ikastolaren balizko ghettizazioaren aurka jarri zirelarik.

Bigarren aldian -alegia, EAJk eta PSE-PSOEk gobernu koalizioa osatu zuten momentutik aurrera, hiru bloke gauzatu ziren, nola edo hala, normalizazioa versus borroka eztabaidaren ingururan kokaturik:

A) EAJ, aipatu itun politikoaren kariaz, hezkuntza sistema normalizatzearen alde jarri zen, eta ikastolaren erabakiari zama politikoa kentzen saiatu zen. Euskadiko Ezkerrak, Alderdi Sozialistarengana hurbiltzen zen neurrian, ikastola sarearen desagerpena gizartearen normalizazio politikoaren baldintzatzat jo zuen.

B) EAk, EAJrekin zeukan lehiak eraginda batik bat, Euskal Eskola Publikoaren Legea hezkuntza sistema propioaren eraikuntzarako oztopotzat jo zuen, baina ez zuen jarrera argirik erakutsi ikastola sare bereizi bezala mantentzeari begira. ELA ere erdibide batean geratu zen, baina alde sindikalak eraginda, ikastola sare publikora biltzea hobetsi zuen.

C) HBk eta LABek, aldiz, ikastolari esangura politiko eskerga eman zioten, eta hura sare publikora biltzea administrazio autonomikoaren -eta, batez ere, Alderdi Sozialistaren- arrakasta bezala atzeman zuten. Beldur hori zela eta, ikastola sare pribatuan geratzea defendatu zuten indar handiz. Eurekin bat egin zuen Ikastolen Elkarteak, EAJrekin harreman onak zituen arren, ikastola sarearen biziraupena ziurtatu nahi izan baitzuen. Eta, azkenik, EILAS sindikatuak -batik bat alde ideologikoak eraginda- gogoz defendatu zuen ikastola sare publikora biltzea, PSE-PSOEren asmoen kontra agertu bazen ere.

Hala ere, Ezker Abertzalearen inguruko taldeak izan ziren jarrera ugaritasun handiena erakutsi zutenak eta, ondorioz, barne urradura sakonena nozitu zutenak. Horrela, esparru hartan bildu ziren, batetik, herritar guztientzako eta euskaldun atzematen zen eskola publikoaren aldeko militante sutsuak; eta, bestetik, ikastola sareak ustez islatzen zuen nazio proiektuaren defendatzaile gartsuak. Neurri batez, hortaz, bateraezin bilakatu ziren ezkerreko ikuspegi ideologikoa eta jokaera politiko arradikala

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Sociology > Cultural sociology
Divisions: UPV/EHU > Ciencias Sociales y de la Información > Sociología
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorJulen Zabalo,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5724

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.