Logotipo Hedatuz

Ikaskuntza esanguratsua eta ingurugiro hezkuntza

Guruzeaga Zubillaga, Mª Aranzazu (2001) Ikaskuntza esanguratsua eta ingurugiro hezkuntza. Other thesis, Universidad Pública de Navarra-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Tesi lan honetan hezkuntzaren hobekuntzarako eta zehazki, desertifikazioaren trataeraren eskutik, ingurugiro hezkuntzaren hobekuntzarako proposamen aipagarri bat egiten da. Hobekuntza hau bigarren hezkuntzako ikasleen ikaskuntza esanguratsua erraztearekin erlazionatzen da, eta haren hastapenak Ausubel/Novak/Gowinen hezkuntza teoria eta honen baitan sortu eta erabili diren kontzeptu mapa eta Gowinen UVE diagrama tresnen baliagarritasunak dira. Novakek (1997) bere hezkuntza teoriaren erdigunean kokatzen du berarentzako ezinbesteko garrantzia duen ikaskuntza esanguratsuaren kontzeptua. Ikaskuntza esanguratsuaren prozesuan (Ausubel, 1968) ikasleak ezagutza berria era substantzial eta ez arbitrarioan barneratzen du jakintza berria aurretik dakienari esanguratsuki lotzen zaiolarik. Horrela, Novakek eskoletako ikaskuntzari begira ikaskuntza esanguratsua mekanikoa eta memoristikoa den ikaskuntzatik bereizten du, non ez den ezagutza berriaren asimilaziorik gertatu. Hezkuntza teoria honen ikuspuntutik bigarren hezkuntzako ikasleek ikaskuntza esanguratsua lortzea oso garrantzitsua da lorpen horretan oinarritzen baita jakintza berriak eraikitzeko eta, adibidez, ingurugiro arazo bati aurre egiterakoan, jarrera aldaketa positiboak lortzeko ahalmena. Zentzu honetan esan daiteke hezkuntzak, eta zehazki ingurugiro hezkuntzak, ikaskuntza esanguratsuaren baldintzak betetzen dituen instrukzioak garatzeko erronka jaso behar duela (Novak, 1978). Baina ikasleen ikaskuntza esanguratsua bultzatzen duen hezkuntza teoria bat instrukzio berritzaileetan aplikatzeko tresnak behar dira (González, 1994, 1995, 1997). Tesi honetan instrukzio berritzailea diseinatzerakoan eta inplementatzerakoan Gowinen UVE diagrama eta kontzeptu mapa erabili dira, eta ikasleen ikaskuntza esanguratsua errazteko eta antzemateko berriz bereziki kontzeptu mapa eta Piagetiar elkarrizketa aldatua erabili dira. Kontzeptu mapak pertsona edo ikasle batek gai baten inguruan duen ezagutzaren irudi eskematiko eta adierazgarria erakusten digu, eta ondorioz, ikasleen ikaskuntza esanguratsuaren isla dezakeen tresna da. Kontzeptu mapa batean erabiltzen diren kontzeptuen antolaketak argitzen digu maparen egileak zein puntutaraino islatzen duen ikaskuntza eta ezagutza esanguratsua edo memoristikoa. Tresna honen azken ezaugarri hau da hain zuzen ere guk hartu duguna ikerketaren ardatz nagusi gisa, non aztertu ditugun instrukzio berritzailea ala tradizionalagoa jaso duten ikasle jakinen kontzeptu mapek adierazi dituzten ikaste prozesuen ezaugarriak. Piagetiar elkarrizketa aldatua berriz ikasleen ezagutzaren eta jarreren bilakaerak aztertzeko erabili dira bereziki.

Ikerketaren aspektu metodologikoen inguruan esan behar DBH 2. mailako 18 ikasle izan direla aztertuak, guztiak Nafar Erkidegoko elebakarra den San Fermin ikastolakoak, non 6 ikasle ziren Novaken teoriaren aplikapena jasotzen duen desertifikazioaren inguruko instrukzio berritzaile bat jaso zuten taldekoak eta beste 12ak berriz, kontrol gisa jokatuz, gai berdinaren inguruan baina diseinu tradizionalagoa jaso zuten taldekoek. Guztira, hortaz, ikerketa honetan instrukzio aurretik eta ondoren ikasle jakinei egindako elkarrizketa Piagetiar aldatuen proposizio analisiak eta beraiek egindako kontzeptu mapak hartu dira azterketa gai gisa.

Ikerketa kualitatibo honen emaitzen artean nabarmentzen da instrukzio esperimentala jaso duten B taldeko ikasleek ikaskuntza esanguratsuaren eta ezagutza konplexuagoen adierazleak garbiago azaltzen dituztela, instrukzio arrunta jaso duten A eta D taldeko ikasleek baino. Adibidez, orokorrean akats gutxiago egiteko joera agertu dute, kontzeptu mapetan proposizio zuzen gehiago azaldu dituzte, desertifikazioari esanahia ematerakoan klima eta giza jarduera kontzeptu aipagarrienen desberdintzapen aberatsagoak eta hierarkikoki hobe antolatuak azaldu dituzte eta aipatutako kontzeptu inklusiboenen desberdintzapen guneak gehiago izanik, ikasleen sormena adieraziz, errekontziliatuagoak agertu dira. Piagetiar elkarrizketa aldatuen azterketa proposizionalaren emaitzetan berriz azpimarratzekoa da desertifikazioaren inguruan talde esperimentaleko ikasleek ezagutza aberatsagoa eta jarrera positiboagoak islatu dituztela kontrol taldekoek baino, non, adibidez, lurzoruaren degradazioa kontzeptua maiz erabili duten eta desertifikazioarekin harreman inplikanteagoak eta koherenteagoak eratu dituzten.

Ikerketaren emaitza hauetan oinarrituz ziurtatzen dugu kontzeptualki gardenagoak diren material didaktikoak erabili nahi izan dituen instrukzio esperimentalean parte hartu duten ikasleek ikaskuntza prozesu esanguratsuagoa islatu dutela eta aztertutako ingurugiroaren arazoaren aurrean jarrera positiboagoa azaldu dutela irtenbide inplikanteagoak aurkezterakoan. Amaitzen dugu esanez hezkuntzan eta zehazki ingurugiro hezkuntzan ikasleen ikaskuntza esanguratsua eta ingurugiroko arazo jakinaren aurrean horien jarrera aldaketa positiboak bultzatzeko guztiz egokia dela Ausubel/Novak/Gowinen teoriaren baitan lan egitea eta berari dagozkion tresnak (Kontzeptu mapak eta Gowin UVE diagrama) erabiltzea, bai instrukzio segidak eraikitzerakoan eta antolatzerakoan, eta baita ikasleen ebaluazioa egiterakoan ere

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Pedagogy > Educational theory and methods > Métodos pedagógicos
Pedagogy > Organization and planning of education > Planificación y financiación de la educación
Divisions: UPNA > Ciencias Humanas y Sociales > Psicología y Pedagogía
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorFermín Mª González García.,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5815

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.