Logotipo Hedatuz

Goi Eozenoko Zanbrana (Araba, Euskokantauriar Eskualea) aztarnategiaren ikerketa paleontologikoa. Tafonomia, Ugaztunen Paleobiologia eta Ondorio Biokronologikoak

Badiola Kortabitarte, Ainara (2004) Goi Eozenoko Zanbrana (Araba, Euskokantauriar Eskualea) aztarnategiaren ikerketa paleontologikoa. Tafonomia, Ugaztunen Paleobiologia eta Ondorio Biokronologikoak. Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Zanbrana Iberiar Penintsulako Goi Eozenoko ornodun fosilen aztarnategirik aberatsenetarikoa da, Arabako Natur Zientziak Museoan gorde diren ornodun-espezie dibertsitate handiak erakutsi bezala. Geologikoki, Miranda-Trebiño Sinklinorioaren (Euskokantauriar Eskualdea) hego-alpean aurkitzen den betekin lakutarretan aurkitzen da. Ornodun fosil-bilgune aberatsenak ikatz-geruza baten goiko eta beheko tupa ilunetan aurkitu dira. Material hauen azterketa sedimentarioa eginez, laku ertz batetako lokaztian metatu zirela jakin da.

Fosilen ezaugarri bioestratinomikoen arabera, aztertutako ornodun fosil-bilduma autoktonoa da. Beraien ezaugarri fosildiagenetikoek eta geokimikoek ornodun-arrastoak ingurune erreduzitu batean azkar lurperatu zirela adierazten digute. Hezurretan azaltzen den hidroxiapatitoa fosildiagenesian frankolita (karbonato fluorapatito) bihurtu da. Fosiletan agertzen den Lur Arraroen (REE) banaketari dagokionez, pisu ertaineko elementuen (MREE) kantitatea txikia da; alegia, fosildiagenesiaren lehendabiziko faseetan berenganatu zituzten REEak, prozesua asko luzatu gabe. Fosiletan eta sedimentuan dauden REEak aztertuz, hezur-aztarnek errelaboraziorik jasan ez dutela frogatu da. Fosiletan agertzen diren hidrokarburoak eta sulfuroak beraien kolore beltzaren erantzuleak izan daitezkeela uste da.

Indusketa-kanpainetan eta bahe-berezien laguntzaz garbitutako sedimentuan ornodun fosilak ez ezik, ornogabe (gasteropodoak eta ostrakodoak), landare-hazi eta karofita fosilak aurkitu dira. Ornodunei dagokionez, anfibioak, muskerrak, dortokak, krokodiloak eta ugaztunak behatu dira. Ugaztun fosilen artean 21 taxoi deskribatu dira; martsupial didelfido bat (Peratherium cuvieri), 5 karraskari -lau teridomiido (Theridomys aff. golpei, Pseudoltinomys sp., Elfomys parvulus eta Pseudoesciurinae indet.) eta glirido bat (Glamys priscus)- 2 karniboro (Quercygale sp. eta Paramiacis sp.), 6 artiodaktilo -dikobunido bat (Dichobune leporina), xifodontido bi (Xiphodon gracile eta Haplomeryx sp.), oxakroniino bat (Oxacroniinae indet.) eta anoploterino bi (Anoplotherium laurillardi eta Anoplotherium sp.)- eta 7 perisodaktilo. Azken hauen artean, bost taxoi berri daude: bi plagiolofino genero eta espezie berri bat, eta, paleoterido eta pakinolofino espezie berri bat. Azken hau Geobios aldizkari zientifikoan aurten publikatu da (Pachynolophus zambranensis, Badiola et al., 2005).

Quercygale eta Paramiacis karniboroak eta Dichobune leporina artiodaktiloa Iberiar Penintsulan lehendabizi Zanbranan aipatzen dira. Aurkitutako Anoplotherium laurillardi eta Anoplotherium sp. artiodaktiloen hezur-aztarna fosil anitzek, Iberiar Penintsulan anoploterinoen agerpena ziurtatzen dute. Zanbranako Leptolophus perisodaktiloaren ordezkariak ere Goi Eozenoan deskribatu diren lehendabizikoak dira.

Goi Eozenoan, seguraski, Iberiar Penintsularen mendebaldeko eta erdialdeko eskualdeetan ugaztunen (batez ere, perisodaktiloak, karraskariak eta primateak) izaera endemikoa mantentzen da; izan ere, Zanbranan aurkitutako perisodaktilo eta karraskariak Erdi Eozeno bukaerako Mazateron (Soria) eta Llamaquique (Oviedo) aztarnategietako fauna endemikoarekin kidetasun handia mantentzen dute. Endemismo hau, Eozenoan Iberiar Penintsula eta Europaren artean gaur egungo Pirineoen inguruan aurkitzen zen itsasadarrak eragindako isolamendu fisikoak ahalbideratu zezakeela uste da. Zanbranako artiodaktiloak, ordea, Europan agertzen diren taxoi berberak dira; beraz, badirudi, Goi Eozenoan Iberiar Penintsula eta Europa ez zeudela guztiz isolatuta. Ezaugarri paleoekologikoek ere eduki zezaketen eragina, ordea; izan ere, Zanbranako eta Mazateron aztarnategietako ugaztun fosilekin egindako ikerketa paleoekologikoek, Europan Goi Eozenoan klima aldaketaren (hoztea) eraginez eman zen baso itxi konplesuen murrizketa eta baso irekien nagusitasuna Iberiar Penintsularen mendebaldean Erdi Eozenoan hasi zitekeela adierazten digute.

Bioestratigrafikoki, Zanbranako ugaztun fosil-asoziazioa Paleogenoko MP 18 biozona jakinekoa da, eta, momentuz, Iberiar Penintsulan biozona honetako bakarra da. Zanbranako ugaztun fosilak ikertzen jarraitzeak merezi du, Eozeno-Oligozeno limitean eman zen krisi biologikoaren eraginez desagertu ziren Europako fauna autoktonoaren eta Iberiar Penintsulako fauna endemikoaren dibertsitatea eta eboluzioa ikertzeko ezinbestekoak baitira

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Life Sciences > Palaeontology > Paleontología de los vertebrados
Life Sciences > Palaeontology > Paleontología animal
Divisions: UPV/EHU > Ciencias > Estratigrafía, Geodinámica y Paleontología
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorHumberto Astibia Ayerra,
DirectorXabier Pereda Suberbiola,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5966

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.