Logotipo Hedatuz

Yon Etxaide eta nobela historikoa

Rojo Cobos, Francisco Javier (2004) Yon Etxaide eta nobela historikoa. Other thesis, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Tesi honek azpititulu hau dauka, gaia zehazteko asmoarekin jarria: "Nobela genero honen emaitzak eta mugak, 50eko hamarkadako euskal idazle baten literatur ibilbidean".

Tesiaren helburu nagusia Yon Etxaidek idatzitako lau nobelen irakurketa eskaintzea da, irakurketa honetarako narratologiak eskaintzen dituen lanabesak erabiliz, eta nobela hauen irakurketa testuinguru hirukoitz batean kokatuta. Hauek dira testuinguru hori osatzen duten osagaiak: nobela historikoaren generoa, 50eko hamarkadako euskal literatura eta Yon Etxaideren literatur ibilbide osoa.

Honetarako tesia bi zati nagusitan banatu da. Lehenengoan testuinguru horren azterketa eta zehaztapena burutu da eta hiru kapitulu agertzen dira:

- Nobela historikoaren generoa aztertzen da lehenengo kapituluan. Genero honek literatur historian izan dituen gorabehera aztertuta eta lan teorikoetan agertzen diren iritziak kontuan hartuta, generoaren definizioa egiten da atal honetan. Definizioan, baina, tautologiatik aldentzea ezinezkoa dela azpimarratzen da, zeren nobela historikoa, historikotzat eskaintzen den osagaia duen nobela moduan baizik ezin baitaiteke definitu.

- Bigarren atalean, alde batetik, Yon Etxaide bere literatur testuinguru historikoan kokatzen da, 50eko euskal literaturan eta kulturan agertzen diren gorabehera nagusiak aipatuz; bestaldetik, Yon Etxaideren literatur produkzio osoaren ikuspegi orokorra ere eskaintzen da, nobela historikoaren alorrean burutu dituen lanak ibilbide horretan kokatzeko.

- Hirugarren atalean, Yon Etxaidek eman dituen elkarrizketetan agertzen dituen iritziak azaltzen dira. Alor honetan, arreta handia jartzen da 1987an Eguna izeneko gehigarrian eskainitakoan, bertan agertzen baitira klabe nagusiak bere ideologia ulertzeko, elkarrizketa honetan, besteak beste, kristautasunaz, Euskal Herriaz, euskal literaturaz eta bere literaturaz aritzen baita.

Bigarren zatian nobelak banan-banan ikertzen dira, lehen esan bezala narratologiak eskaintzen dituen lanabesak erabiliz, eta aurreko atalean agertzen diren ideietan oinarrituta:

- Alos-Torrea (Usoa Alostorreko) (1950): hauxe da Yon Etxaideren lehen nobela. Bertan agertzen da bere literaturaren ezaugarri nagusien lehen formulazioa: besteak beste, eta alor ideologikora mugatuta, kristautasunak konfliktoak gainditzeko duen garrantzia azpimarratzen da bertan. Bestaldetik, atal honetan azaltzen da nola elezahar batean oinarrituta eleberri bat burutu duen.

- Joanak joan (1955): Piarres Topet Etxahun koblakariaren bizitzan oinarritutako nobela da hau. Bere planteamenduetan sakontzen da (XIX. mendeko nobela errealistaren epigonoen literaturan agertzen diren kontamoldeak erabiltzen ditu; kontrajarpenetan oinarritutako pertsonaien arteko harremanak agertzen dira; kristautasunaren garrantzia), baina nobela historiaren alorretik ikusita, pertsonaien bizitza pribatuaren mundua ez du gainditzen.

- Gorrotoa lege (1964): nobelaren alorrean bere literatur gailurtzat har daitekeen nobela honetan, konfliktoak alor pribatutik alor publikora pasatzen dira eta nobela politizatu egiten dela esan daiteke. Izan ere, nobela hau Erdi Aroko bandoen guduetan oinarritzen da eta kontatzen duenaren eta bere garaiko Euskal Herriaren artean paralelismoa eraikitzen dela ikus daiteke.

- Eneko Agerroa (1981): Euskal Herriaren jatorrietara bideratzen du begirada, Baskoniako Dukerria sortu zen garaira (VI-VII. mendeak).

Ikerketatik ondorio nagusi hau atera daiteke: 50eko hamarkadan, tradizioaren eta modernitatearen erdibidean, Yon Etxaidek, aspaldiko garaiak berpiztean, historian alegia, aurkitu zuen esparru bat, non literaturaren bidez inguruko errealitate kontraesankorrean planteatzen diren arazoei irtenbide bat bilatu ahal zaien, kristautasunari esker. Literatura egin nahi duenean lehenaldira jotzen du. Baina lehenaldira jotzen ez duenean, berak ezagututako mundua islatu nahi duenean, nobela egin beharrean, saiakera biografikoa erabiltzen du. Nobela motz gelditzen zaio orduan, bere planteamendu literario tradizionalekin eta ideologikoekin bere mundua islatzea ezinezkoa izango balitzaio bezala. Edonola ere, lehenaldira jotzen duenean, zeharka bederen, beti hitz egiten du bere orainaldiaz

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Sciences of Arts and Letters > Literary theory, analysis and criticism > Critica de textos
Sciences of Arts and Letters > Literary theory, analysis and criticism > Análisis literario
Divisions: UPV/EHU > Filología, Geografía e Historia > Filología vasca
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorJon Kortazar Uriarte,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5955

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.