Logotipo Hedatuz

Grimm anaien Kinder-und Hausmärchen euskaraz: itzulpen eta egokitzapenen azterketa

Gómez Zubia, Genaro (2004) Grimm anaien Kinder-und Hausmärchen euskaraz: itzulpen eta egokitzapenen azterketa. Other thesis, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Tesi honetan Grimm anaien Kinder-und Hausmärchen bildumako ipuinen euskal itzulpenak eta egokitzapenak aztertzen dira. Haur literaturaren barruan, Polisistemaren Teoriaren ikuspuntutik, sistemaren erdigunean daude ipuinok. Izan ere, egile klasikoen artean, Grimm anaien ipuinen itzulpenak eta egokitzapenak, kuantitatiboki behintzat, nagusi izan dira euskal haur literaturan. Batetik, euskarara gehien itzuli diren autore klasikoak dira Grimm anaiak, López Gasenik bere tesian neurtu zuen bezala. Bestetik, egokitzapenak egiteko erabilienetakoak izan dira; album-bildumetan, hiru ipuinetik batek KHM bilduma du iturri.

Bizirik dago ipuina, genero bezala, haurren heziera prozesuan, nola etxeko pedagogian hala irakaskuntzako curriculum-diseinuetan ere. Izaera hori aitortu zioten egileek beren bilduma Erziehungsbuch izendatu zutelarik. Bestalde, laurogeiko hamarkadatik hona, pentsaera narratiboaren berezkotasuna azpimarratu izan da; hori dela eta, haurren garapen kognitiboan, ipuinak esanahia eraikitzen eta errealitatea osatzen laguntza handikoak direla esatea badago.

Hortaz, corpusa osatzea izan dut lehenengo lana. Hala, Pizkunde garaikoak ditugu lehen itzulpenak; 2000. urtekoak, berriz, azken egokitzapenak.

Lehen kapitulua, Märchen generoaren bilakaeraz eta ipuinak aztertzeko bideez osatu dut.

Bigarren kapituluak itzulpengintzaz dihardu, literatur itzulpengintzaz bereziki.

Hirugarren kapituluan hipotesi bat formulatu dut: KHMko ipuinek aldaketak jasan dituzte, itzultzaileek, egokitzaileek eta sistema literarioak, oro har, irakurleen eta gizartearen beharren eta aldaketen arabera egokitu dituztelako. Izan ere, Ong-ek dioenez, ahozko kulturadun gizarteak homeostatikoak dira eta, hala, egokitasunik ez duten oroitzapenak baztertzen dituzte. Hortixek jo nuen, beraz, hipotesia lantzeko orduan: ahozko narratiba kodetu duten kulturetan ere gertatzen da bazterketa hori. Hipotesia betetzen denentz jakiteko metodologia eskema bat eta analisi fitxa bat diseinatu ditut Genette, Newmark eta beste, lagun.

Laugarren kapituluan, euskaratutako KHMko ipuinen itzulpenak eta egokitzapenak deskribatu dira, batetik. Bestetik, lan horiek euskal haur literaturan izan dituzten funtzioak aztertu dira. Azkenik, corpusa arakaturik, hainbat alderdiren azterketa kuantitatiboa egin dut: testuen tipologia, testuen jatorria, egokitzaile, itzultzaile eta argitaletxeei buruzko jakingarriak...

Bosgarren kapituluan, KHMko hamalau ipuinen azterketa kualitatiboa eskaintzen da: batetik, Grimm anaiek ediziotik ediziora egindako aldaketa batzuen berri ematen da; Rölleke-ren ikerketak eta edizio lanak baliatu ditut nagusiki atal honetan; bestetik, euskal itzulpenetan eta egokitzapenetan antzeman ditudan itzultze eta egokitze estrategiak eta prozedurak adierazi ditut.

Seigarren kapituluan ondorioak eskaini ditut. Ipuin hauen eboluzioan, aldaketa tematikoei dagokienean, antzeko estrategiak erabili dituzte autoreek, itzultzaileek eta egokitzaileek istorio hauek beren garaiko eskakizunetara egokitzeko; badago halako korrelazio bat aldi guztietako autore, itzultzaile eta egokitzaileek erabilitako estrategien artean. Horren froga ditugu Grimm anaiek, egokitzaile batzuek eta itzultzaile batzuek erabilitako estrategia komunak. Esaterako: pasarte bortitzak ezabatzea, sexu-kontuak garbitzea, erlijio-ohiturak tartekatzea...

Sailez sail joanik, lehenik, egokitzapenei dagokienean, egokitzaileek beti izan dute edo hartu izan dute, ahozko kulturetako ipuin-kontalariek bezala, KHMko ipuinak aldatzeko libertatea. Askatasun horrek ipuinen egiturari eta argumentuari erasan die. Egokitzapen gehienetan aldatu dira gizarte arau nagusiekin talka egiten duten ezaugarriak eta gehitu dira, bestalde, irakaspen ohartarazle eta zentzagarriak. Egokitzapen batzuetan, halere, argumentua irauli da, parodia eta umorea erabiliz, gai deserosoak tartekatzeko (kartzela, ekologia...).

Bigarrenik, itzulpenek ere izan dituzte aldaketak. Lehen urtealdiko itzulpen etxekotuetan (1920-40) Pizkundeko kultur egitasmoaren isla eta garaiko ideologia nazionalistaren zantzuak sumatu ditut aldaketetan: kultura propioaren aldeko aldarria eta erlijiozkotasuna, batik bat. Laugarren urtealdikoetan (1990-2000), aldaketa tematiko esanguratsuak urriak dira.

Honenbesterekin, bilakaera etengabean egon dira, plazaratuz geroztik, Grimm anaien ipuinak: autoreen eskuetan, lehenik, eta egokitzaile eta itzultzaileen eskuetan, bigarrenik. Ipuin horien kanona, beraz, berrituz joan da historian barrena

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Linguistics > Applied linguistics > Enseñanza de lenguajes
Linguistics > Applied linguistics > Traducción
Linguistics > Applied linguistics > Lenguaje y literatura
Divisions: UPV/EHU > Filosofía y Ciencias de la educación > Lengua y Literatura didáctica
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorJosé Manuel López Gaseni,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5937

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.