Logotipo Hedatuz

Euskararen egoera Gipuzkoan. Euskaltzaleak: 1927-1936

Narbaiza Azkue, Antxon (2002) Euskararen egoera Gipuzkoan. Euskaltzaleak: 1927-1936. Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Gure tesiaren helburua euskararen historia Gipuzkoan eta garai jakin batean aztertzea izan da. Eta horrekin batera, Euskal Pizkundea deitu izan den euskararen loraldia ekarri zuten bitartekoen ikerketa. Euskarararen egoera beraz, baina Euskaltzaleak bazkunaren sorrera abiapuntu harturik, hots, 1927ko udazkena, amaiera 1936ko Altxamendu militarra duelarik.

Langaia argi ikusten bazen, zein zen erronka? Bada, euskararen historia bat burutzeak, diakronia soilari so eginez, ohiko topikoetan erortzeko arriskua zeukan. Zehatz esateko, eta adibide bezala, ohiko hizkuntza gutxitu bati zegozkion gabeziak berresaten jarduteak. Gure asmoa, bada, topikotik irten, ikerbide egokia aurkitu, aztergaia hausnartu eta garatu, eta, azkenik, sor zitezkeen ebazpenak ongi finkatu eta era egokian adierazi, horra erronka nagusia.

Horrela bada, euskararen historia ikuspegi askotatik egin nahi izan dugu. Ezagunena den alderdi kronologikotik begiratuz, euskalgintzak sortarazi zituen ekimenen azterketa eginez eta, ondoren, giza eragile nagusien diskurtsora pasatuz horren ezagunak ez diren euskalgintzaren eruralismoa, euskal hiztunaren jarrera euskararekiko zein eta nazionalismoaren eta euskalgintzaren arteko harremanak jorratu ditugu. Azkenik, gure ikerketaren gailur bezala, gure ondorioak atera ditugu Euskal Pizkundearen diagnosia burutua geratzen delarik.

Tesi honi ekin genionean gure asmoa euskarak Gipuzkoan XX. mendearen 1. herenean bizi izan zuen egoera aztertzea zen. Horretarako behar ziren lekukoak baliatu eta guztiak aintzat harturik azterketa haren ondorioak euskararen Pizkundea deitu izan den garaia hobeto kokatzen ahalegintzeko xedea izan behar zuen. Pizkunde aroa Euskaltzaleak bazkunaren sorrera eta bilakaerarekin lotu dugu. Beraz, Euskaltzaleak-i buruz ari garenean pentsatu behar dugu haren lorpenak edo aurrerapausoak, etsialdiak bezalatsu, Pizkunde horren mesedetan zihoazela. Hitz batez adierazteko, Euskaltzaleak-ek Pizkunde esan nahi du.

Gure ikerketagaia, bada, euskara giza gertakari bezala dugularik haren inguruko alderdi desberdinak jorratu eta honela banatu dugu gure lana:

Sarrera, lau atal, ondorioa eta eranskinak.

Sarreran euskararen iraupenaren auzian lau galdekizun plazaratzen dira:

Euskal erakundeen jarrera euskararekiko.

Estatuaren esku-hartzea. Gurean, batez ere, erdal irakaskuntzaren bidez gauzatua: beraren ustezko eragina erdalduntze-bilakaeran. Hirugarrenik, gure ikertzaroarekin uztartzen den aldetik, euskara baliatu izan duen ideologiaren azterketa, hots, bere garaian tradizionalismoak elikatu zuen erruralismoa eta, hari jarraituz, euskal nazionalismoaren garrantzia hizkuntzaren aldeko ahaleginean.

Eta, azkenik, gainerako guztiak bilbatuko balitu bezala, aipaturiko galdekizunen jasotzaile litzatekeen euskal hiztunaren jardunbidea.

Atalik atal joanez, lehenengoan, diakroniari lotua, euskaltzaletasunaren nondik norakoa XX. mendearen lehen herenean biltzen dugu, Euskal Pizkunde deritzona barne.

Bigarrenean, euskararen egoera irakaskuntzan, hau da, gaztelaniaren eragina eskolan eta euskaltzaleen ahaleginak hari aurre egiteko jorratu ditugu. Hau guzti hau ertz guztietatik egin nahi izan da: Estatuaren, Elizaren, Toki Administrazioaren zein gainerako elkarteen jarrera aztertu dugu.

Hirugarrenean, euskararen ideologien lehenengo azterketa egiten da: erruralismotik nazionalismorantz. Hots, hiriaren eta herriaren arteko dikotomiaren diskurtsoa nola hezurmamitzen zen erakutsiko dugu. Bataren eta bestearen inguruan egiten ziren adierazpenak, hau da, beraien atzean zebilen jardunaren filosofia hausnartu nahi izan dugu.

Laugarrenean, berriz, nazionalismoaren eta euskalgintzaren arteko harremana aztertu dugu. Zabalago esanda, diskurtso politikoaren jarrera hizkuntza gutxituaren Pizkunde-nahian. Euskalgintzak politikagintzaren mimesian egin zituen akatsak eta bidera nahi izan zituen egitasmoen izaria.

Azkenik, Ondorioak deitu dugun atalean, tesian barrena landu ditugun gaien azken irakurketa egiten dugu, gure ebazpenak plazaratzen ditugularik.

Bibliografian, berriz, erabilitako liburu eta aldizkari espezializatuen zerrenda osatu dugu.

Eranskinean, bestalde eta bost ataletan, alor kuantitatiboa landu nahi izan dugu: tesiaren corpusa burutzen lagundu diguten tresnak, datuak, oro har, zehazturik utzi ditugu. Besteak beste, Gipuzkoako euskararen historiarako 44 dokumentu bildu ditugu, beraien artean Lizardiren artikulu inedito zenbait. Halaber, euskalgintzaren ekimenen berri ematen da Euskaltzaleak bazkunaren jarduera barne. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi Orixek idatzi zuen Euskaldunak poemak Gipuzkoan sortarazi zituen espektatiben jarraipena eta, azkenik, euskararen eskakizuna Gipuzkoako Toki Administrazioan izan dugu aipagai, hain zuzen, Primo de Riveraren agintaldian zehar Espainiako II. Errepublika sartu aurretik

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Linguistics > Synchronic linguistics > Sociolingüística
Linguistics > Applied linguistics > Bilingüismo
Divisions: UPV/EHU > Filología, Geografía e Historia > Filología vasca
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorXabier Falcón Ormazabal,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5849

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.