Elosegi Aldasoro, Antton (2002) Zuzenbideko euskal hizkera berezia: Lege-testu itzuli bateko terminologiaren azterketa linguistikoa eta terminologikoa. Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.
Texto completo no está disponible desde este repositorio.Abstract
Izenburu bikoitzak adierazten duenez, euskarazko hizkera juridikoa gunean duten bi galderari erantzun nahi dio tesi linguistiko honek. Lehena da, ba al dago euskal hizkera juridikorik, non, eta nola sortu da? Bigarrena, zer baliabide linguistiko erabili dira hizkera horren terminologia eratzeko?
Galdera bakoitzari erantzun nahian, bi partek osatzen dute ikerlan hau. Lehenean, hizkera horren, eta bere terminologiaren funtsa, ezaugarriak, eta baldintzapen historikoak dira ikergai. Horretarako, xede berezietarako hizkerei buruz, eta terminologiari buruz nazioartean egun dauden teoriak eta ikerkuntzak kontuan harturik, euskarazko hizkera bereziek eta lan terminologikoek izan dituzten agerpenak aztertzen dira. Ondoren, metodologia berarekin, zuzenbideko hizkera da aztergaia. Gure ikerkuntzaren ondoren, hizkera juridikoak hizkera berezituen eta hizkera orokor-jasoaren artean duen toki berezia ongi finkaturik agertzen zaigu. Halaber, terminologia dela hizkera berezien ezaugarririk behinena.
Kapitulu oso batean, hizkera juridikoak euskal testuen artean duen presentzia aztertu dugu. Azpimarratzekoa da, aski zabalduta dagoen ustearen aurka, XVI. mendetik hasita nolabaiteko juridikotasuna duten testuen agerpena ugarituz joan dela, ez bakarrik kopuru absolutan, baizik eta, testu motatan ere: administrazioen arteko gutunak, udal ordenantzak, pertsona pribatuen arteko harreman juridiko idatziak, erruz ez bada ere, idatzi izan dira. Testu juridikoen boladak, orokororrean gainerako euskal testuenen antzekoak izan badira ere, ohartaraztekoa da aginteak, administrazioak, euskarari buruz hartu duen jokabideak zenbateraino baldintzatu duen euskal testu juridikoen produkzioa. Horren adierazpen argiak dira Iraultza Frantseseko lehen garaietan Iparraldean izandako "loraldia", iraultzaileen hizkuntza-politikaren aldaketarekin batera deuseztu zena, 1936-37ko autonomia eta koofizialtasunaren garaian lurralde autonomoan egon zen produkzio ugaria eta jasoa, 1937tik aurrera guztizko etenaldia jasaten duena, eta 1978 urtean, ia goizetik gauera gertatzen den suspertze berria. Zati honen ondorioetan aski finkaturik geratzen da testu juridikoen tradizio uste den urria izan ez bada ere, euskarak nolabaiteko ofizialtasuna lortzen duen bi garaietan, 1936an eta 1978an, hizkera horren garapen maila oso herbala dela benetan dabilen zuzenbide praktika baten oinarri izateko.
Bigarren partean, erdal-euskal corpus paraleloak baliatuz, egungo testu juridiko multzo bat dugu aztergai: 1936an hasitako Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoan, 1978ko Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofizialean, eta 1980tik 1997 arteko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako "oroagindu", eta legeetako terminologiaren hustuketari ekin ondoren, horren azterketa linguistikoa eta terminologikoa burutu dugu. Jakina denez, hiru aldizkariak elebidunak dira, eta kasu guztietan erdal testua da sorburukoa, euskal itzulpenaren jatorria. Uste izan dugu ezaugarri horrek bidea ematen zigula, nolako forma duten ez dakigun euskal terminoetatik abiatu ordez, ongi aztertuak eta hiztegietan bilduak dauden gaztelaniazko termino juridikoetatik abiatzeko, modu erdi-automatizatuan euskal testuan euskal segmentu baliokideak atzemateko. Horrela, datu-base batean bildu ahal izan ditugu 880 erdal termino eta 2.858 euskal segmentu baliokide, batzuk forma terminologikoak, eta besteak ez. Horiek aztertuaz, hizkera horren hainbat zertzelada sinkroniko eta diakroniko ezagutu ahal izan dugu.
Garai batzuetako eta besteetako teminologian erabilitako bide lexikogenetikoak aztertuaz, egiaztatu ahal izan dugu zer-nolako euskara-eredu desberdinak azaltzen diren garaiotan. Azpimarratzeko ondorioa da 1980ko hamarraldian egiten den saioa sortu beharreko terminologia juridikoa ia osotasunean hitz-elkarketaren eta eratorpenaren bidez moldatzeko. Hainbat alderdi terminologiko ere aztertzen da, era askotako ondorioekin. Alde batetik egiazta daiteke euskal segmentu baliokide gehienak forma terminologiko aski estandarra dutela, baina era berean, horrelako formarik erakusten ez dutenen ehunekoa handi samarra dela, eta finkapen maila ere nolabaitekoa dela: garaitik garaira baliokide berriak asmatzen dira erdarazko termino berarentzat. Horrekin loturik, tesi honen lanketan erabili den metodologia, alegia, erdal terminoetatik abiatzea euskarazko baliokideak atzemateko baliagarria dela demostratu da.
Azken garaiko testu helduagoak, autonomoagoak eta erabilgarriagoak begien aurrean ditugularik eta, kontuan izanik gorago aipatu dugun hizkera honen abiapuntu ahula, nabarmena da bi baldintzapen izugarri gainditu behar dituela hizkera honek: bata, lehen eta orain itzulpenezko hizkera bat izatea, eta bestea, hainbat urtetan legeetako euskarak izan duen funtzio sinbolikoa, ezinbestekoa, zalantzarik gabe, baina zoritxarrez, eragin bortitzekoa. Izan ere, aldizkari ofizialetako testuak nahitaez bi hizkuntzetan argitaratu beharrak ekarri du argitaratzeko arrazoia horixe izatea, eta ez benetako euskaldun erabiltzaileek egin zezaketen eskaria
Item Type: | Thesis (Other) | ||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
Subjects: | Linguistics > Linguistic theory | ||||||
Divisions: | UPV/EHU > Filología, Geografía e Historia > Filología vasca | ||||||
Contributors: |
| ||||||
Date Deposited: | 24 May 2010 17:00 | ||||||
Last Modified: | 24 Aug 2010 13:16 | ||||||
URI: | http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5835 |
- ASCII Citation
- BibTeX
- DIDL
- Dublin Core
- EP3 XML
- EndNote
- Eprints Application Profile
- HTML Citation
- JSON
- METS
- MODS
- OAI-ORE Resource Map (Atom Format)
- OAI-ORE Resource Map (RDF Format)
- OpenURL ContextObject
- OpenURL ContextObject in Span
- RDF+N-Triples
- RDF+N3
- RDF+XML
- Refer
- Reference Manager
- Simple Metadata
Personal del repositorio solamente: página de control del documento
¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.