Logotipo Hedatuz

Sakana erdialdeko euskara

Erdozia Mauleon, José Luís (2001) Sakana erdialdeko euskara. Other thesis, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

"Sakana erdialdeko euskara" lanean Nafarroako Sakana haraneko zortzi herrietako hizkerak aztertu ditugu eta zortzi herri horiek, mendebaldetik ekialdera hurrenez hurren, ondorengoak dira: Etxarri-Aranatz, Lizarraga, Dorrao, Unanu, Arbizu, Lakuntza, Arruazu eta Uharte-Arakil. Sakana erdialdea izena jarri diogu eremuari esparru geografiko horixe hartzen dutelako aipatu herriek Sakanaren barruan eta, era berean, haran honen barruan izanik hauek ere, haren mendebaldean eta ekialdean dauden Burunda eta Arakil eremuetatik bereizteko. Azterketaren esparrua, beraz, oso zehatza da eta interes handia izan du euskal dialektologiaren baitan, Etxarri-Aranatz, Ergoiena (Lizarraga, Dorrao, Unanu) eta Arbizuren artean kokatu baitzuen Bonapartek XIX. mendean gipuzkera eta goi-nafarrera euskalkien arteko muga eta baita gipuzkera beraren bi barietateren artekoa ere. Eta hauxe izan da, hain zuzen ere, lan honen zio edo arrazoi nagusia, eremu honetako hizkerak era sakonean aztertu eta muga dialektologiko horiek berriro ikusi.

Horretarako, hizkuntz ezaugarriak aztertzeari ekin diogu, laurogei baino gehiago izan direlarik guztira eta, horrela, ikusi ahal izan dugu gehienak azterketa esparru osoan erabiltzen direla. Hogeitik gora izan dira bokalismoari buruz kontuan izan ditugun ezaugarriak eta, ia guztiak, bilakabide berdinarekin eremu guztian; hamabosten bat edo kontsonantismoari dagozkionak eta gauza bera esan dezakegu arlo honetan ere; hogeitik gorakoak ere ezaugarri morfologikoak eta gehienak, berriro, komunak esparru osoan; sintaxiari dagozkionak, berdinak azterketa esparruko herri guztietan; eta lexikoaz, zer esanik ez, oso gutxi dira herri batetik bestera aldatzen diren lexemak. Hala ere, honek ez du esan nahi ezberdintasunik ez dagoenik, baina daudenak hain dira urriak eta zortzi herrien artean sakabanatuak, ezen ezinezkoa suertatzen baita horien araberako muga dialektologikoa ezartzea esparruaren barruan. Ezberdintasun aipagarrienak aditzetako -a + -e > -e (Arbizutik ekialdera) / -a (Etxarri-Aranatzen eta Ergoienan) bilakabidea eta NNk saileko aditz erro ezberdinak (-u- Arbizutik ekialdera, -o- Ergoienan eta -e- Etxarri-Aranatzen) ditugu. Gainerako ezberdintasunen kasuan, banaketa ez da hain garbia gertatzen eta esparruko herriak tartekatu egiten zaizkigu bilakabide baten edo bestearen alde (asimilazioak hitz bukaeran, hasierako e-+ kontsonante erorkorraz osaturiko bilakabidea, hiatoetako -b- epentetikoaren ebakera ezberdinak, ...).

Gauzak horrela, baieztatu ahal izan dugu hizkera bera erabiltzen dela Sakana erdialdeko herrietan eta ez duela inolako zentzurik, bere garaian Bonapartek Etxarri-Aranatz, Ergoiena eta Arbizuren artean ezarritako euskalki mugak, ezta Ergoiena eta Etxarri-Aranatzen arteko barietate mugak ere (gogoratu Printzeak Ergoienako hizkera, Etxarrikoarengandik banaturik, gipuzkerako Burundako barietatean kokatu zuela), ezen Ergoienan ezaugarri gehiago baitira Sakana erdialdeko hizkerara lerratzen direnak, burunderaren aldekoak baino.

Eta ondorioekin jarraituz, esan dezakegu bridge dialect edo zubi hizkera dugula Sakana erdialdekoa, hau da, zubi lanak egiten dituela Euskal Herriko erdialdeko eremuaren eta hizkera nafarraren artean, baina dudarik izan gabe azken honen, nafarreraren, ezaugarriak nagusitzen direla bere izaeran, hauek aztertu eta inguruko eremukoekin konparatzeari ekin diogunean baieztatu ahal izan dugun moduan. Hogeita hamalau ezaugarri dialektologiko esanguratsu, guztiak Sakana erdialdeko hizkeretan ezagunak, erabili ditugu alderaketa honetan eta Euskal Herriko hizkera eremu ezberdinetakoekin konparatu eta elkartu ditugu, zein eremurekin erakusten duen kidetasun handiagorik ikusteko asmoz. Eta emaitzak ondorengoak izan dira: nafarrera eta Euskal Herriko ekialdeko eremuarekin bat egiten duten ezaugarriak hamazazpi izan dira (%50); Euskal Herriko erdiguneko eremuarekiko kidetasuna erakusten dutenak, berriz, zazpi (%20); bizkaiera eta goi-nafarrerako zenbait hizkeretakoekin bat datozenak lau (%12); gipuzkerarekin kidetasuna erakusten dutenak hiru (%9); eta, azkenik, iparraldea eta goi-nafarreraren eremuko zenbait hizkeretakoekin bat egiten dutenak beste hiru (%9)

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: Geography > Human geography > Geografía política
Divisions: UPV/EHU > Filología, Geografía e Historia > Filología vasca
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorPatxi Goenaga Mendizabal,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5799

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.