Logotipo Hedatuz

Hitz apurtua. Deba Beheko Herri Armagileetan Frantziar Iraultzaren ondorioz gizartean, ekonomian, politikan, instituzioetan eta kulturan izandako eragina. (1793-1823)

Uriarte González, José María (1999) Hitz apurtua. Deba Beheko Herri Armagileetan Frantziar Iraultzaren ondorioz gizartean, ekonomian, politikan, instituzioetan eta kulturan izandako eragina. (1793-1823). Other thesis, Universidad del País Vasco.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

Joseba Agirreazkuenagak zuzenduta, tesiak lau zutabe nagusi du iturri dokumentalei dagokienean. Lehenengo eta behin, Elgoibar eta Eibarko udal artxibategiak miatu ditut. Hemengo aurkikuntza batzuk ezinbestekoak izan dira azalpenak bilatzerakoan: 1755eko Elgoibarko Ordenantzak, 1814ko LIQUIDACIÓN deituriko dokumentua, 1821eko estadiloerroldak, etab. Bigarrena Donostiako eliz barrutiko artxibategia izan da eta bertan ezkontzak, umezurtzak, pobrezia, etab. landu ditugu. Hirugarren zutabea, "El Liberal Guipuzcoano" delako egunkaria da. Hiru Urte Iraultzaileetan astean birritan eta hutsunerik gabe zortzi orriko egunkaria argitaratzen dute gipuzkoar liberalek. Laugarren zutabea den garaiko bertsolaritzaren ikerketak lanean nauka oraindik. 1823ko udaberrian liberalen kontrako zaletasuna adierazten duten markinar, xemeintar eta etxebarritarrek ekintza politikoa burutzen dute San Martin baselizan, Elgoibar eta Markinako mugan. Bertso sorta luze hau El Liberal Guipuzcoano egunkariaren antitesia izan daiteke, ideologia eta ikuspuntu aldetik.

Frantziako Iraultzak Europa astindu zuen hala ideologikoki, proposamen berriak gizarteratu zituelako, nola egituretan Iraultzak sortarazten zituen gudek eta gatazkek praxi berriak sortzen zituztelako tokian tokiko. Tesi honetan Gipuzkoako mendebaldean kokatzen diren Herri Armagileak, Eibar, Elgoibar, Mendaro eta Soraluze ikertu ditugu. 1793-1823. urte artean, Deba eta Ego ibai ertzetan kokatutako herri hauek, modernitate-iraultzek eragindako guda-bortizkeriari aurre egiten diote Erdi Arotik garatutako egituren bidez: Ordenantzak, Foruak, Usadioa, etab.

1794, 1808 eta 1822ko gudek, XVIII. mendean zehar Gipuzkoako Herri Armagileek izandako garapen ekonomikoari, sozialari, instituzionalari, kulturalari, etab., beste norabidea ezartzen diete, herri hauetako bizitzan ideologia eta planteamendu berriak txertatzen dituztelako. Prozesu honen lehendabiziko emaitza da gizartearen militarizazioa. 1797an Elgoibarko herrian bi aguazilez mantentzen da publiko ordena, 1822an, berriz, 40 kanpotar soldadu profesional, 18 herriko bolondres, beste 19 baserritar laguntzaile eta 116 milizianok guda bizia borrokatzen dute euren auzokideen kontra baserri, auzune eta hiri aldean.

Ekonomiari dagokionean, XVIII. mendeko krisi nekazariari, gudek zekartzaten ezbeharrak gehitu behar dizkiogu. Industriagintzaren egoera ez da hobe. Gudek sortutako merkatu suntsipenagatik produkzioa motelzen da pobre kopurua ugalduz: 600 familias que sin dificultad alguna trabajarían mensualmente 3 mil fusiles, se ven ya tan arruinadas que se miran reducidas las más a buscar su jornal en paises lejanos1.

Guda garaian biztanleri gehienak udalei dirua eta hornidurak ematen dizkie, uneko udaletxeek kudeatzen duten eskakizun militarrei aurre egiteko. Adibidez, 1814an Elgoibarko udalaren guda zorrak 4 aldiz biderkatzen du herriko urte beteko nekazal ekoizpena. Izan ere, krisi ekonomikoak eta gudek isla zuzena dute bertako udal kutxetan, baita Probintzia eta estatuko diru kontuetan ere.

Udaletxeek, goi mailako erakundeek (Batzar Orokorrak, Erregeak, Espainiako Gorteak) onartuta, auzokideei eskatutako zorraren baldintzak aldatzen dituzte. Hain zuzen ere, 1808ko guda ostean, pertsona batek lurretan kobratu behar zuen zorra eskuratzeko, udaletxeari prezio orokorraren bosten bat ordaindu behar zion dirutan. Erabaki honek oso eragin ezezkorra dauka guda ostean deskapitalizatuta dagoen biztanlerian. Elgoibarko lur jabetasunaren bilakaerak primeran azaltzen digu egoera: 1814an, 434 familiak eta erakundek lur zati baten jabetza teorikoa dute, 1818an 97 benetako jabe baino ez dago.

1808ko guda bukatutakoan presio fiskala mantentzen da, udaletxeak zerga horiek kobratzeko arduradunak direlarik. Presio nagusia nekazariek eta kontsumitzaileek jasotzen zuten, zergak eran zaharrean antolatuta baitzeuden. Egoera honetan, herri hauetako udaletxe zaharrek ohiko egitura soziala, zeinen euskarri nagusietarikoak lur-nekazaritzaren gainean ezarritako millareak baitziren, galtzen dute. Beraz, udaletxeak menderatzen dituzten lur jabe nagusiek elkarte berriak hitzartu behar dituzte udaletxeetako boterea mantendu ahal izateko. Hain zuzen ere, Herri Armagileetan armagileak izango dira giza talde horretako partaideak.

Giza talde honek, ordurarte pentsaezinak diren ideia berriak ezartzen ditu gizartean: demokrazia, justiziaren berdintasuna, anarkia, gizabanakoaren eskubideak, heziketa denontzat, emakumezkoaren giza banakotasuna, etab. Dena den, militarizazio garai hauetan areagotutako krisi ekonomikoan desitxuratzen dira hitz (eskubide) hauek. Errealitatean, mehatxuak, torturak, hiletak, lapurketak, bahiketak, etab. jabetu ziren herri hauetaz. Bai erakunde liberalek, bai Lege Zaharreko erakundeek tokian tokiko egituraketa menperatu nahi zuten estatu zentralizatuaren inguruan. Izan ere, erakunde horiek berdin tratatuko dituzte tokian tokiko libertateak zein tokian tokiko abusuak.

-----------

1. 1821eko otsailaren 2an El Liberal Guipuzcoano delako egunkarian argitaratutako artikulu luze batean non Soraluzeko Erret Armategiaren egoera eta aurreproiektuak azaltzen baitira

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: History > General history > Historia comparada
History > History by epochs > Historia contemporánea
Divisions: UPV/EHU > Ciencias Sociales y de la Información > Historia contemporánea
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorJoseba Agirreazkuenaga Zigorraga,
Date Deposited: 24 May 2010 17:00
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5730

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.