Logotipo Hedatuz

Athanase Belapeire: Catechima laburra (1696). Autorearen garaia, nortasuna eta idazlanak. Grafiak eta fonologia. Edizio kritikoa eta hiztegia

Agirre Sarasola, Pello (1997) Athanase Belapeire: Catechima laburra (1696). Autorearen garaia, nortasuna eta idazlanak. Grafiak eta fonologia. Edizio kritikoa eta hiztegia. Other thesis, Universidad del País Vasco.

Texto completo no está disponible desde este repositorio.

Abstract

1. Lehen kapituluan Belapeireren bizitzaren eta haren ospe handiko familiaren berri ematen da. Catechima laburra argitara zuteneko testuinguru historikoa ere azaltzen da: garaiko erlijio guduak, Oloroeko elizbarrutia, laborarien matxinadak. Historiagileen lanak baliatu ditut (Dubarat, Menjoulet, Goienetxe, Bonetti, Delumeau, Lebrun), baina lehen eskuko iturriak ere bai, hala nola Belako Zaldunaren Histoire des Basques, Jacques de Belaren Tablettes eta Belapeireri igorri zizkioten lau gutun. Frantziako elizbarrutietako katiximak irakurriz Catechima-ren zenbait iturri ediren dut: bigarren zatia Bossuet-en dotrinaren itzulpena da; lehen zatiko pasarte zehatz batzuk Materreren dotrinatik jasoak dira. Catechima azaldu ahal izateko zubereraren lekuko zaharrenak ere aztergai hartu dira: bereziki, Belaren atsotitzak, bi pronoak (c. 1676 eta c. 1757), Jacques Maitiaren katixima (1706) eta François de Revol-ena, Othoitce eta cantica espiritualac (1734), Maisterren Imitacionia, bi haurridegoren araudien itzulpenak (Ressegue eta Mercy), Jean de Paris eta Xarlemaña pastoralak, e.a.

2. Belapeirek erabili grafia sistemaren azalpen zehatza da 2. kapitulua: fonema bakoitzari dagozkion grafemak, zeinu laguntzaileak (azentuak eta dieresia) eta kateako elementuen zatiketa. Erromantzeetatik (bereziki frantsesetik) jasoak dira grafia asko eta asko; baina eredutik aldentzeko isuria ere agertzen du idazleak (diferencia). Idazkera nahiko erregularra da garai hartako. Grafiek ere agertzen dute testuaren bi zatiak ez direla garai berekoak: u/v eta i/j desberdintzeari dagokionez, esaterako, bigarren zatia modernoagoa da.

3. Azterketa fonologikoa Mitxelenaren esanetatik abiatzen da (FHV) eta Gavel, Lafon, Larrasquet, Oihartzabal eta Oñederraren lanak ere oso kontuan izan dira. Catechima aztertzea da helburu, baina zubererazko testu zaharretan aurkitua ere zehazki jaso da komeni zen guztietan (o > u itxiera, ü, palatalizazioa, n, l eta r-ren osteko frikari/afrikatu aurkakotasunaren neutralizazioa, e.a.).

4. Ez dugu oraino zubererazko testu zahar gehienen edizio kritikorik eta tesian bi testurenak (Catechima laburra eta 1676 inguruko Pronus) eman ditut. Catechima-ren edizioan okerrak zuzentzen saiatu naiz, baina grafia aldaerak oro bere hartan utziaz. Erabilitako bost aleei esker testua osorik eman da. Intxauspek bere alean eskuz egindako zuzenketak ere bildu ditut. Mota desberdinetako oharrak eskaintzen ditu edizioak, bai eta iturriak ere (Bossuet eta Materre).

5. "Belapeireren hiztegia"ren xedea hitz guztiak bildu eta azaltzea da. Mikroegituraz den bezanbatean, OEH eta Sarasolaren HLEH dira ereduak. Informazio oparoa eskaintzen du hiztegiak: aldaerak (ützi/eitzi) sarrera bakarrean bilduak; hiztegi askotatik jasotakoa (Gèze, Larrasquet, Duvoisin, e.a.); sinonimoak bidaltze-ikurren bidez adieraziak; Belapeireren testutik hartutako behar beste adibide; adibideen iturriak (Bossuet); e.a. Hiztegi sarrera eta azpisarrerak anitz iruzkinez osatu ditut. Belapeirek bere estiloa zaindu egiten du, euskara landu. Garaiko testuetan ohikoak diren mailegu asko (deSir, falta, obligazione) baztertu egiten ditu (nahi, ogen, eginbide darabiltza). Iturriekiko alderaketak garbi erakusten du. Belapeirek erabili gabeko maileguen hiztegi moduko bat osatu dut, zuberera zaharreko testuetako adibideak eskainiz.

6. Azken kapituluan Pronus singulis diebus Dominicis (...) testuaren edizioa eman dut, lehen argitalpeneko ale bakarra erabiliaz (Bibliothèque Nationale). D"Olce apezpikuaren Pregari(o)ac dira azken zatiaren iturria. Testuaren egilea Belapeire bera izan daitekeelako hipotesia landu dut, besteak beste, grafiak eta lexikoa alderatuz. Egindako behin-behineko azterketak bi testuen arteko berdintasun nabarmenak agerrarazi ditu, eta aipatutako hipotesia indartu egiten du

Item Type: Thesis (Other)
Subjects: UNSPECIFIED
Divisions: UPV/EHU > Filología, Geografía e Historia > Filología vasca
Contributors:
ContributionNameEmail
DirectorAndolín Eguskitza Bilbao,
Date Deposited: 24 May 2010 16:59
Last Modified: 24 Aug 2010 13:16
URI: http://edtb.euskomedia.org/id/eprint/5626

Personal del repositorio solamente: página de control del documento

¹ Data hau katalogazio datuei dagokie, ez dokumentuari berari.